Iritzia: Literaturarekin haserre

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 10a, 19:17

Angel Erro

Egun honetan Literaturarekin bi topaketa bitxi izan ditut. Oro har, ni izaten naiz beraren bila abiatzen dena, lehen pausua ematen duena. Aktiboa ni naiz. Aspaldi ezarri dugu harreman mota hori gure artean, eta ez doakigu gaizkiegi, ahidurak gainezka egiten duenean elkarren berri gabe egunak pasa ditzakegun arren, niri mutur okerra pasatzen zaidan arte; nora joanik ez dudala bere isilune ankerraz jabearazten didan arte. Berak ez ohi du hurbiltzeko zirkinik egin, urteak dira hala egiten ez duela, hasierako garai suhartsu horietatik. Hala ere, aste honetan bi aldiz atera zait bera enkontrura. Bietan etsia hartu dut.

Lehenbizikoa ordenagailuaren antibirusa berritzen ari nintzen bitartean izan da. Neure hitz-gakoa ahaztu dut eta Norton konpainiak holakoetarako aurreikusita duen mekanismoa martxan jarri du: inork ahanzten ez dituen galderetariko bat egin dit, orain urte bat, segurtasun neurri modura, egin zidan berbera. Zein den nire idazle kuttunena. Izerdi hotzak hartu nau. Zer erantzun ote nuen iaz. Zein egile, klasiko edo garaikide, ezinbestekotzat jotzen nuen orduan. Hamaika, eta bakar bat ere ez. Eta gaur? Beste hamaika, eta bakar bat ere ez. Honek, birus informatikoen mende uzteaz gain, goibeldura gorrienera abaildu nau. Amodio baldintza-gabeko hainbat une goren (orain, ustezko) hauts egin zaizkit begi aurrean.

Bigarren topaketa ametsetan izan da. Euskal idazle zehatz gabe bat, mutila eta gaztea hori bai, nirekin haserre bizian zegoen. Hemen “graziosoarena egitearren” bere liburu batekin-edo sartu izana aurpegiratzen zidan, piper. Neure psikearen sarkasmoa behar zuen, aspaldi handian aita santuaren galtzontziloak bainoa xuriago bainabil inor mindu ez nahirik. Idazletxoaren argumentu ahulei kontra egindakoan, nire erantzun batek harritu nau gehien. “Nola nezakeen zure kontrakorik esan, hain guapoa izanda?” Haren haserrea bizkortzea baino ez dut lortu. Esnaturik ni izan naiz neure buruarekin haserretu dena, nire literatur irizpide sakonenak, edozeini, hain erraz aitortzeagatik.

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!