Iritzia: Geografia sentimentalak

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 4a, 18:47

Josetxo Azkona

Fernandoren egia da gutariko bakoitza badela leku zehatz batekoa, eta berdin diola leku hori hiria edo herria edo herrixka ote den, beti izanen baitugu leku horri txertaturik geure geografia sentimentala, itsas lapa arrokan itsatsia bizi den bezala. Ildo horretatik, haurtzaroa eta gaztaroa dira boladarik esanguratsuenak gure sentimenduzko geografia eratzen joateko tenorean.

Hortaz, aspaldiko bizipenen oroitzapenak bat-batean ageriko zaizkigu, nahi eta nahi ez, geografia fisiko horren barrenean mugitzen garen aldioro.

Iruñeak, alde horretatik, baditu niretzat halako tokiak, ugari gainera, halako ahalmen iradokitzaileak dituztenak, beraietan bizi izandakoarengatik. Toki jakin horietako bat dira Argako igarobideak, pasarelak deritzotenak.

Gaurko ikusmiratik, izan ere, Argako alderdi horretantxe ikusten dut neure burua, ni mutikoa izaki, handixe harriz harri saltoka igarotzen, pozarren, orduko koadrilarekin jostetan, zapaburuak eta igelak biltzen edo, besterik gabe, guk geuk egindako kanabera eskuetan genuela, han nago ni, Magdalena zubitik gertuko bazterretan arrantza egiten. Txipa deitzen genion, hain zuzen, udako arratsalde ezin luzeago haietan harrapatzen genuen arraintxoari.

Urteen poderioz, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzian, Montxo Armendariz zinegileak ederki asko eraman zuen pantailara hark berak, bere haurtzaro-gaztaroan, Argako igarobideetan bizi izandakoa. Pelikulak “Bihotzaren sekretuak” izena zuen, eta hura ikustean –ongi oroitzen naiz hartaz- hainbat gogorapen gozo etorri zitzaizkidan burura.

Baina denak omen du, ordea, bere ifrentzua. Dena da-eta erlatiboa, antza. Dena halakoa dateke eta baita kontrakoa ere, gertaera zer-nolakoa den edo nondik begiratzen dugun, noski.

Eta orain, kasu, Argako igarobideak ikusteak berak edo haiek akordura ekartzeak samina baizik ez die eraginen, joandako igande goizaldean, bertatik pasatzean, estropezu egin, uretara erori eta itota hil zen gazte burlatarraren senitarteko eta lagun-adiskideei. Bai, duda gabe, Argako igarobideak min-ekarle izanen dira beti haien geografia sentimentalean.

Bazter batean dugu bizitza, eta bestean heriotza, eta bien artean igarobideak, pasarelak, ustekabe pozgarriz zein mingarriz beterik.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/josetxo-azkona201024.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!