Mikel Lizaso
Lehengoan konturatu nintzen zeinen zaila egiten ari zaidan Iruñeko Udalak jartzen dituen hainbat errotulu irakurtzea. Euskarazkoak jakina. Horren adibide Descalzos kaleko igogailuan, behealdean dagoen kristalezko ate erraldoi horretan, kulturari buruz jarri duten idazkitxoa.
Bertan, Iruñea 2016 kanpainaren barne, gazteleraz ederki asko irakur daiteke kultura zein onuragarria den denontzat, zenbat batzen gaituen eta ez dakit ze eta badakit ze. Jakina letra larri beltz ederrez hornitua. Euskaraz, ordea, letra gris txikiagoetan jarrita dago, irakurtzeko zailagoak kristalezko euskarri batean, are gehiago atzeko fondoa ere harri grisekoa baldin bada.
Eguneko momentu batzuetan, gainera, argiak eragindako efektu optikoaren eraginez, zuzenean desagertu egiten dira letra horiek. Itxura denez kulturak ez gaitu euskaraz batzen, euskarak ez du horretarako nahiko mailarik. Argi dago Barcinak estrategia berria oparitu diola errotulazio elebidunari, horren gustuko dituen legeek bermatu beharko luketena.
Lehen zuzenean euskarazko idazkiak kentzea bururatu zitzaion, baina epaiek ez dutenez toki onean utzi, guztiok ezagutzen dugun filosofia baten 2.0 bertsioa sortu du: “etsaiarekin ezin duzunean, itxuraldatu ezazu”. Eta horrelaxe dabil, euskarazko errotulazioa ahal duen neurrian izkutatzen, trakesten, hiritarraren begietara ikusezin egiten.
Bere laguntzaileek ahalegin horiek beste arazo batzuek konpontzen egingo balituzte a ze hiri ederra izango genukeen. Iruñea 2016an Europako kultura hiruburua, jakina. Eta Auswitchz gisa eskubideena.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/mikellizaso201023.mp3]