Mikel Rodriguez
Ez da berdin izaten non bizi garen, zer bizi dugun eta zer ikusarazten diguten. Hemendik urruti, hagitz urruti, Nelson Mandela askatasunaren aldeko borrokaren ikurra da, kartzelan 27 urte pasa zituena. Ez zaigu inporta zer egin zuen, edo Hegoafrikako apartheidaren gobernuak zer leporatu zion,, hala da guretzat eta kitto.
Hemendik hurbil, hagitz hurbil, Gatzak aurten 30 urte eginen ditu preso. Mandelaren izena marketin ikur paregabea bihurtu duten horiek berentzat Gatza kartzelan usteldu beharreko terrorista baino ez da. Hemendik urruti, hagitz urruti, Che Guevara herri xeheen askatasunaren aldeko borrokalaria izan zen. Armak hartu zituen, baina injustiziari aitzin egiteko bakarrik. Horregatik hil zuten, eta horregatik oroitzen du hainbertze jendek gaur egun. Hemendik hurbil, hagitz hurbil, Mikel Gardoki tiroz hil zuten Donostian. Che Guevara goresten duten horietako aunitzentzat, Gardoki armatutako terrorista soila baino ez zen. Gardoki, Francoren diktadurapeko polizia espainiarrak hil zuen. Donostian karrika baten izena eskaini zioten, eta orain, Espainiako sistema demokratikoak, aitzineko diktadurarekin deus ikustekorik ez duen horrek, izen horixe kendu nahi dio, Gardokik terrorista izaten segitzen duelako oraindik ere. Mandela eta Gatza, Che eta Gardoki, hain urruti eta hain hurbil, hain ezberdin eta hain berdin.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/mikel-rodrigez.mp3]