Iritzia: Biba Xaho XXI. mendeko Eskual Herrian!

Euskalerria Irratia 2010eko otsailaren 3a

Josu Jimenez Maia

Hegoaldeko jende gutxik ezagutzen du Agosti Xaho, laster, jaio zeneko bigarren mendeurrena izanen den arren. 1811Ko urriaren 10ean, Atharratzen, sortu zen zuberotar bitxi honek bi ardatz nagusi izan zituen bizitza osoan zehar: batetik, erlijioa katolikoa borrokatu zuen; bestetik, Euskal Herria aske eta euskalduna izan zuen xede eta amets.

Xaho euskal abertzaletasunaren muina aldarrikatu zuen lehena izan zen: “Biba independentzia!” 1848an aldarrikatu zuen, Xaho dugu, beraz, abertzaletasunaren aitzindaria. Hari zor diogu “Zazpiak bat” leloa, ez dezagun ahantzi.

Euskaldun bitxi eta berezia, inondik ere. Izanez ere, zer zen Xaho? Izaera konplexuko gizona, erromantikoa, masoia, esoterikoa, ezkertiarra eta errepublikazalea zen: hitz batekin errateko, iraultzaile bat zen. Anarkismotik gertuko ideiak zituen, eta sineskeria katolikoaren aurkako amorratua izanagatik, euskal populuaren alde aritu zen borrokan. Horregatik, Hegoaldera etorrita,  Zumalakarregiren alde aritu zen lehenengo karlistadan. Nafarroa Garaian barna egindako kronika idatzirik utzi zigun, haren  Viaje a Navarra durante la insurrección de los vascos edo Nafarroara bidaia euskaldunen matxinadaren garaian liburua.

Era berean, Aitorren kondaira idatzi zuen. Egia da Arturo Kanpion-i zor diogula frantsesetik itzuli izana liburu hori “La leyenda de Aitor” izenez ezaguna, baina  Xaho horretan ere izan zen aitzindaria: aitzindari aitonen semeak erabiltzeko orduan; aita onen semeak esapidetik eratorritako esakunea da, finean. Gerora, ezagun da bai Iruñeko Arturo Kanpion-ek, bai Bianako Navarro Villosladak baliatu zutela Aitorren semeak moldearekin.

Koherentea bizitza osoan, Xaho-k erdal justiziaren jazarpena pairatu zuen; baina hil arte izan zen      koherentea: izan ere, Xaho-k izan zuen elizkizunik gabeko lehen hileta Euskal Herrian... Baionan hil zen 1858ko urriaren 23an, artean 47 urte baizik ez zuela. Zer ez zuen eginen gehiago bizi izatera! Zinez, ezinbestekoa da euskal jendearentzat Atharratzeko euskal iraultzaile honen berri izatea, haren lanak, pentsaerak eta egitasmoak aldarrikatzea.

Duela hamar urte, Joxemiel Bidadorrek artiukulu bat idatzi zuen Goardia Zibilak itxi zigun Euskaldunon Egunkarian. Biba Xaho! Biba Eskual Herria! zuen izena artikuluak, milurteko berriaren atarian idatzia. Han Bidadorrek gaztigatzen zigun: “Ez liteke ideia txarra Zubero aldean Fundazioren batek Xaho saria erakiko balu literatura edota bestelako arloren batean eginiko lanaren bat sariztatzeko. Tamalez, ezkor gara, eta lehenengoa zaila bada bigarrena are zailagoa dakusagu.”

Hori zioen lagun tuterarrak, baina, zorionez, ez zuen asmatu guztiz: hamar urteren buruan,  zerbait-zerbait ari da gauzatzen Iparraldean hurrengo urteari begira, Agosti Xahoren jaiotzaren bigarren mendeurrena behar bezala ospatzeko. Xaho-ren adiskideak izeneko elkartea duela bi urte sortu zen eta Xaho hil zen egunaren urteurrenaren karietara omenaldia egin diote azken bi urteotan.

Agosti Xaho oso-oso berezia zen, baiki. Gaur egun ere, nor ez da berezia? Halere, eta berezitasunak berezitasun, garrantzitsuagoa izan behar da elkartzen gaituena bereizten gaituena baino. Behar-beharrezkoa dugu indarrak biltzea eta hurrengo urteari begira Xaho-ren aldeko aldarria lau haizetara plazaratzea.

Egin bitez bilerak eta hitzaldiak, antolatu bazkariak... Baina, halaber, sortu dezagun Interneten bidez blog edota foro bat; Agosti Xaho-ren abenturak eta kalenturak izeneko aplikazioa Flash bidez; goian aipaturiko liburua komikia bihurtu; Xaho-ren kantutegia mp3 formatuan eskaini, Xaho lehen karlistadan bideo-jokoa garatu, laburmetraia bat egin dezagun... edo luzemetraia? Ez dezagun ahaztu Brave Heart pelikulak gehiago egin duela Eskoziaren independentzia aldarrikatzeko Eskoziako klanen arteko hamaika eztabaida antzuak baino. Garaiz gabiltza.

Nire txikian, laguntzeko prest; eta testu honek balio izan badu Hegoaldeko baten batek Xaho-ren berri izan dezan, poz-pozik.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/xaho.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!