Iritzia: Kasko urdinak, bake indarrak?

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 1a, 12:27

Iñaki Irisarri

Gizakiok kontraesanez beterik gaudela esaten baldin badut, ez dut deus berririk esaten. Denok dakigu kontraesan asko ditugula, bai gure baitan, bai egiten ditugun zera guztietan. Esaterako, nik uste dut denok nahiko solidarioak garela batzuetan, eta, aldi berean, nahiko egoistak garela beste batzuetan. Tira, ez da inor larrutzeko moduko kontua. Argi dago denok berdintsu jokatzen dugula.

Kontraesan horiek, gainera, pertsonengandik hasi, familia, elkarte, enpresa eta gizarte guztietatik pasa, eta nazioarteko erakunde handietaraino zabaltzen dira. Oso adibide garbia dira Nazio Batuetako kasko urdinak. Horrela ezagutzen ditugu guk baina ofizialki Nazio Batuetako bake indarrak dira. Bake indarrak, horra hor, kontraesan galanta, ezta? Gainera, egiten dituzten lanak bakea ziurtatzeko operazioak deitzen omen dira, baina, jakina, militarrak dira eta zeregin militarretan aritzen dira, horren ondorio guztiekin. Kontraesana muturrera eramateko, gainera, giza laguntza behar denean, Haitiko hondamendi latza hor dago adibide gisa, indar horiexek berak bidaltzen dira herritarrei laguntzeko. Eta Nazio Batuetako jokamolde bitxi hori, luze gabe kopiatu dute munduko herrialde askok eta askok, besteak beste, kontu handiz ibiltzekoak diren Ameriketako Estatu Batuek.

Eta hor arazo bat dago, noski. Izan ere, gaur egun, mundu zabaleko herrialde batzuetan milaka militar sartzen ikusten baldin baditugu, inork ez daki oso garbi inbasioa ote den edo besterik gabe jendea laguntzera joan ote diren. Perbertsio handiko estrategia, mozorro bera eramaten duelako orain bertakoak akabatzera bidalitako militar zakarrak eta behar dutenei botila bat ur helaraziko dien lagun eskuzabalak. Benetan susmo txarra hartzeko modukoa...

Kontuz ibili, beraz, militarren garai bateko kamuflaje kolorea aldatu egin baita. Orain, giza laguntza eta bakearen kolore politak erabiltzen dituzte.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/irisarri.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!