Euskalerria Irratia interneten buru belarri murgildu eta berehala, sareko joera nagusien aurkako gogoeta guztiz kritikoarekin egin dugu topo, Quim Monzo idazle kataluniarraren La Vanguardiako gaurko zutabearekin hain justu. Monzoren arabera, interneten "masa, jendetza, jendilajea jainkotzen ari da". Haren aburuz, "garai batean, masa horrek tabernan ematen zuen bere iritzia, azalduz nola gobernatu behar zen gure herria, nola konpon zitekeen 'inmigrazioarena', baina orain jada ez du iritzia tabernan soilik ematen, orain gainera interneteko foroetan ematen du, ezizenez eta inpunitate osoz". Artikulua Stanislaw Lem-en aipu batekin amaitzen da: "Internet erabiltzen hasi nintzen arte ez nuen jakin munduan hainbeste ergel zegoela". Argi gera dadila Euskalerria Irratiak webgune hau martxan jarri aurretik idatzi zuela hori Lemek.
Argazkia: Wikipedia