'Twittergol' bat aski izan daiteke

Euskalerria Irratia 2010eko urtarrilaren 27a

Euskalerria Irratiak Osasunaren eta Santanderko Racingen arteko partida zuzenean eskainiko du gaur, Sadar erreka ertzeko futbol zelaitik, 19:45tan hasita. Kopako finalaurdenetako itzulerako norgehiagoka da. Joanekoan, gorritxoek 2-1 galdu zuten. Hartara, gaur twittergol bat aski izan daiteke finalerdietarako sailkatzeko. Egia esan, twittergol esamoldea ez da guk sortua, baizik eta Mikel Belaskok. Bera hizkuntzalaria da eta irratiaren twitterreko laguna. Hark asmatu zuen hitza, Euskalerria Irratian twitterren eta facebooken kontakizuna egiten hasi ginelarik, Azpilikuetaren gol historikoaren kontura. Gaur, bistan denez, fm-n, lerro-lerroan eta sare sozialen bitartez eskainiko dugu partida.

Itxura guztien arabera, orain arte Kopan egin ez bezala, Jose Antonio Camacho entrenatzaileak Ligan hasieratik jokatu ohi duten hainbat gizon zelairatuko ditu: igandean Jerezen garaipena erdietsi zuten Azpilikueta, Sergio eta Monreal defentsak; Nekounam eta Camuñas erdilariak eta Aranda eta Pandiani aurrelariak. Haiekin batera ari litezke Josetxo erdiko atzelaria, Ruper euskarria eta Masoud puntaerdia. Beraz, taldea honako hau izan iteke: Roberto; Azpilikueta, Sergio, Josetxo, Monreal; Masoud, Ruper, Nekounam, Camuñas; Aranda eta Pandiani.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!