Datozen foru eta udal hauteskundeetan, Eusko Alkartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunarekin aurkeztea eta Foru Erkidegoan NaBairekin joatea "uztargarria izan liteke", Uxue Barkosen irudikoz, betiere "ahaztu gabe erabakia alderdiena dela". Nafarroa Baiko eleduna Pasahitza saioan izan da. Hartan nabarmendu duenez, "koalizioak, sortu zenetik, beti onartu du bere kideek hauteskunde estrategia ezberdinak edukitzea EAEn eta Nafarroan".
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/uxue-barkos2010126.mp3]
NaBaiko diputatuaren ustez, koalizioko kideek jakin beharko lukete haien arteko ezadostasunak "batzorde iraunkorreko bileretan konpontzen eta ez adierazpen publikoen bitartez". Aralarrek koalizioko kideei aurkeztu behar dien akordio programatiko eta barne funtzionamendurako proposamenen inguruan, Barkosen ez du zehaztu nahi izan berrikuntzok beharrezkoak iruditzen zaizkion ala ez, baina nabarmendu du lehendik ere bazirela barne funtzionamendua hobetzeko proposamenak.