Arkaitz Goikoetxeak eta Xabier Legarretak Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu dute, asteburu honetan jokaturiko bi finalaurdenetan, Aizarotzen eta Sunbillan, hurrenez hurren. Hurrengo kanporaketa Agoizko Kultur Etxean jokatuko dute, datorren igandean, 17:30etan. Han ariko dira kantuan Migel Mari Elosegi Luze eta Oskar Estanga Euskalerria Irratiko kolaboratzaileak, Ander Fuentes Iturri, Saioa Alkiza, Diego Riaño eta Jose Luis Barberia Zili. Aizarozko eta Sunbillako saioen kronika egin digu Nafarroako Bertsozale Elkarteko Lorea Arburuak.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/bertsolariak-2010125.mp3]
Lehen finalaurdena Aizarotzen jokatu zen, larunbatarekin. Hartan Goikoetxea indartsu itzuli zen txapelketara, urteetan plaza nagusietatik at ibili eta gero. Goikoetxea gipuzkoarra, oiartzuarra da jaiotzez, baina azken urteotan Lekunberrin bizi da, eta lehendabizikoz parte hartzen ari da Nafarroako lehiaketan. Aizarotzen 427,5 puntu erdietsi zituen. Haren atzetik Julen Zelaieta (401) eta Oier Lakuntza (389,5) sailkatu ziren. Sunbillan atzo, igandearekin, Xabier Legarreta gailendu zen. Aranoarrak 414,5 puntu bildu zituen. Iñigo Ibarra izan zen bigarrena (385) eta Iñaki Aleman hirugarrena (375).