Aitziber Sarasola
A Gripearen aurkako txertoa hartzen ari da lagun bat. Xiringa biltzen duten eskuek plastikozko eskularruak jantzita dituzte eta jada orratza haragitan sartuta dauka erizainak. A gripeak hil behar ninduela pentsatu nuen udan. Akabo, bukatu da, gure mendea amaitu da.
Txirrita bertsolari zaharrak behin eta berriz kantatu ohi zion Josafat-i. Josafat zer zen ideiarik ez eta asko ez dela aitari galdetu nion, ze arraiori kantatzen ote zion Txirritak. Munduaren akabera omen zen eta han egingo omen zituen azken juzkuak Jainko gorenak. Ah! Gaixoak gu, aspaldi elizara joateari utzi diogunok, euskal tradizioaren sena galtzeko arriskuan uzten dugunok! Josafat eta A gripea.
Abuztuan Argentinan sekulakoa izan zen. Gripeak hildakoak eragin zituen. Gure mundu zuri honetan gripeak gu guztion akabera zekarren eta hori dela medio txertoak, txertoak behar genituen erosi. Baina zorionez buru batzuk pentsatzen dute eta txerto hori egokia ote zen, beharrezkoa ote zen, nahikoa testatua ote zegoen zalantzan jarri zuten.
Beraz erositako txertoan %20 azpitik behar izan da gripe malapartatu honen aurkako gerra irekian. Gainera 100.000 biztanletik 19.000 baino ez omen ditu kutsatzen orain eta heriotzak uste baino kopuru txikiagoan omen.
Berriz ere beteko zen probabilitatearen legea. Errazagoa suertatu da tximista batek jo ta aldenik alde zeharkatzea, gripeak jota Josafatera ailegatzea baino. Beldurra erraietan. Dena dela batzuk ederki probestu dute. Gripearen kontrako gerra irekian txertoa asmatu duten horiek poltsikoak eta paradisu fiskaletan dituzten diru kontu paradisiakoak hurrengo gaitza noiz etorriko zain egonen dira.
Horiek ez diote Josafati inolako beldurrik; edo akaso bai, Josafaten akaso Jainkoak zeozer esango baitie, diru gehiegi egin dutelako eta komeni ez delako, edo sortu dituzten botikak pertsonentzat eta arratoientzat tratu berbera erabiliz egin dituztelako, edo batek daki. Josafatera beraz gripeak heriotza eraginda ez garela ailegatuko ematen du une honetan, lasai gaitezen. Baina ez gaitezen gehiegi lasai zigarroak eramango baikaitu bestela, bularretako minbiziak edo kasurik makurrenean lanean izanen dugun istripu oker batek.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/aitziber-sarasola-2010122.mp3]