Mitxel Lakuntza: "Lan istripuen ardura enpresariena eta administrazioarena da, sekula ez langileena"

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 15a, 13:34

Hogeita lau ordutan bi behargin hil dira Nafarroan, lan istripuan. ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntzak Euskalerria Irratiari adierazitakoaren arabera, ezbeharren ardura enpresaiei eta administrazioari dagokie,  sekula ez langileei. LABeko Nafarroako koordinatzaile Igor Arroioren idurikoz, Beriaingo ezbeharrean Nafarroako Gobernuaren ardura handiagoa da, hildako langilea babes ofizialeko etxeak eraikitzen ari zelako azpikontrataturik eta, hartara, obraren ardura, azken batean, Foru Administrazioarena zelako. Hemen azpian, hurrenez hurren, Lakuntzari eta Arroiori egindako elkarrizketak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/lakuntza.mp3]

Deskargatu

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/arroio.mp3]

Deskargatu

Atzo goizeko 11:30ak aldera, Beriainen, langile bat zendu zen,  hiru metroko aldamiotik erorita, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla kausa. Babes ofizialeko etxeak eraikitzen ari zen, Construcciones San Martin enpresak azpikontrataturik.

Herenegun, beste langile bat hil zen Erriberrin, tornu batek azpian harrapaturik, Talleres Garde enpresaren lantegian. Besteak beste, mahastigintzarako makinak kopontzen dituzte han. Tailerreko nagusiak 21:00ak aldera bertaratu zirelarik topatu zuten gorpua.

Nafarroako CCOO eta UGT sindikatuek azken lan istripu horien ondorioak deitoratu zituzten, eta, horrez gain, enpresei lan arriskuen gaineko erantzukizuna dutela oroitarazi zieten. UGTk arauak bete behar dituztela gogorarazi zien enpresaburuei, eta administrazioari, berriz, zigorrak ezartzeko eskumena duela esan zion. Nafarroako CCOOk ere eskatu zieten enpresei lan arriskuen gaineko neurriak «muturreraino zaintzeko».

Argazkia: Israsturcan

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!