Atxilotuak, askatu berritan (@labengo)
Aske utzi dituzte Txupinazoan ikurriña erraldoia zabaldu zutelakoan atxiloturiko sei pertsonak, baina karguekin. Ordenu publikoa urratzea egozten die Fermin Otamendi instrukzio epaileak, gaur eguerdiko 14:00 aldera karrikaraturiko autoan. Eta hilan behin epailearengana joan beharko dute.
Otamendik halaber jakinarazi die haien sakelako telefonoak klonatuko dizkietela, froga moduan erabili ahal izateko.Eta DNA frogak egiteko eskaera egin die, baina horiei uko egin diezaiekete.
Sei atxilotuek deklaratzeari uko egin diote. Aurretik, Patri Perales Bilduko zinegotzia mintzatu da epailearen aitzinean. Iturri judizialen arabera, epaileak inputatu moduan deitu zuen deklaratzera abokatuarekin joaterik eduki zezan, bere eskubide guztiak bermatu ahal izateko. Baina bere adierazpenak entzun eta gero ez inputatzea erabaki du.
Nolanahi ere, UPNko eledunak Peralesen aurka gogor mintzatu dira, eta inputaturik egon denez dimisioa emateko exijitu diote. Are gehiago, zuzenean erruduntzat jo dute. Enrique Maya Iruñeko alkatearen arabera, "inor ez du harritu Sanferminak boikoteatu zituztenak eta Bildu loturik daudela ikusteak". Nafarroako Gobernuaren eledun Sanchez de Muniainen idurikoz, "tamalgarria da Bilduk erakundeak erabiltzea erakundeen kontra egiteko". Alkateak eta Gobernuak ez zuten halako baloraziorik egin CAN auzian UPNko buruak inputatu zituztelarik, ezta epailearen aurrean inputatu moduan deklaratzera joan zirelarik ere.