Uxue Barkos: "Elkarrizketak abian jartzea ezinbestekoa da heldu den urtean Iruñeak aurrekontuak izan ditzan"

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 3a

Aurrekontu luzatuak ditu Iruñeak hirugarrenez. Ikasturte berriaren atarian Nafarroa Baik uste du 2014. urtean aurrekontu berriak adostu behar direla. Horretarako elkarrizketak abiatzea eta akordioetara iristeko beharra nabarmendu du Nafarroa Bai taldeko zinegotzi Uxue Barkosek. "Elkarrizketak hasi behar ditugu oposizioko gainerako alderdikideekin eta UPNrekin berarekin ere heldu den urtean hiriak aurrekontuak izan ditzan", hala esan du Barkosek. Atzera pausoak baino ez lituzke ekarriko laugarrenez luzatu behar izateak, inbertsiorik ezin egin izatea dakarrelako besteak beste. Barkosek uste du UPNek jarrera aldatu beharko lukeela herritarrek eskatzen duten politika hurbilagoa egiten hasteko. Orain arteko ereduak uztarik ez du sortu Iruñean Nafarroa Bairen ustez. Errua UPNrena izateaz gainera PSNri ere egotzi dio Iruñeko Udal taldeari babes emateagatik.

Sanferminen mahaia osatzea, lehentasun

Entzierroaren eta Sanferminen mahaia berandu baino lehen eratzea garrantzitsua dela iritzi du koalizioak. Pozik agertu da ikasturte berriko lehen prentsa agerraldian, izan ere, irailean ekinen diote mahai inguruan gai horiek lantzen. Bestelakoei ere begiratu diete: kexu azaldu da Barkos Iruñeko abesbatzak ez duelako parte hartuko Batasuneko Pribilegioaren ospakizunetan eta udalari eskatu dio aukera hori eman diezaiola. Gainera mozio bat ere aurkeztua dute urrirako iragarria dagoen ospakizun baten harira: berrehun urte beteko dira Frantziako eta Ingalaterrako tropen arteko bataila izan zenetik eta ez dagokion diru-laguntzatik hartuko du dirua Udalak horretarako. Desegokia da jarrera hori koalizioaren ustez eta mozio bidez azalpenak eskatuko dizkio, eta halakorik ez egiteko.

 

Argazkia: Geroa Bai

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!