Sortuk beharrezkotzat jo du EAJrekin eta Geroa Bairekin akordioak egitea

Euskalerria Irratia 2013ko irailaren 2a

EAJk bezperan egindako kritika zorrotzei eskua luzatuta erantzun die Sortuk. Urte politikoari ekiteko Berriozarko Mendialde ikastetxean (Nafarroa) egindako ekitaldian, Euskal Herriak subiranotasunerako bidea zabaltzen hasteko autodeterminazio eskubidea defenditzen duten gainerako alderdiekin bidea partekatzeko beharra dagoela azpimarratu du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak Kontseilu Nagusiaren izenean. Arraizen arabera, argi eta garbi geratu da Madrilgo eta Parisko gobernuekin ez dagoela ezer egiterik eta, egungo aukera historikoari aurre egiteko, EAJrekin eta Geroa Bai koalizioarekin «akordio txiki zein handiak» iristeko beharra azpimarratu du Sortukoak.

«Estatua arazoa da»

Arraizen arabera, «urratsez urrats eta erabakiz erabaki» joan behar da nazio subiranoa eraikitzen. Haren esanetan, «mendeetan Euskal Herriak pairatu duen gatazka politikoa konpontzeko aukera paregabea» du bere aurrean Espainiako Estatuak, baina «arazoa ukatu» besterik ez du egiten. «Esaten digute ez dagoela gatazka politikorik, inoiz ez dela egon eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa konponbide prozesua. Madrilgo horiei esaten diegu jarrera horrekin biluzten dutela arazoaren funtsa. Arazoa ez da ETA, zeren haren jarduera armatua amaitu da, eta euskal herritarrok ez dugu bake agertokirik ezagutzen. Frankismo kutsuko espainiar estatua da arazoa».

 

Argazkia: Argia

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!