Lur Albizu : Amildegia

Euskalerria Irratia 2012ko aza. 5a, 18:20

Amildegia. Amildegia begibistan, besterik ez. Tximeletak hegaka urdailean. Bertigoa. Eta jakina, honi loturik ikara. Atzera begiratzeak ere beldurra ematen dizu, eta hor zaude, betazalak ere geldirik dituzula, amildegi ertzean, ez atzera eta ez aurrera. Izan ere, beti izan zara beldurtia. Ez zara sekula ausartu hurrengo pausoa ematen.rain arte hori egitera bultzatuko zintuen eskua zenuen ondoan, baina oraingoan ez. Oraingoan ez dago ez eskurik, ezta bultzadarik ere.

Garai berri baten atarian zaude, noraezean. Gibelean utzitako uneen ondoren nola ez zara ba noraezean sentituko… Inoiz ez zara seguru sentitu eta hemendik aurrera ere ez da ezberdina izanen.  Edo bai. Zergatik ez zara ausarta izanen? Makurtuta pasatu dituzu azken egunak, asteak, hilabeteak, urteak. Oraindik ere preso sentitzen zara. Zeure buruaren preso, bizitzaren preso, haren preso. Haren gatibu izanen zara beti.

Baina erabakia hartuta dago dagoeneko, ez zara berarekin itzuliko. Ez da zuregana hurbilduko. Ez dakizu zer gertatuko den orain, nola egonen den mundua ilunpean hainbeste denbora iragan ondoren. Ez dakizu non dauden hainbestetan egin zenuena ez egiteko errepikatu zizun jendea, zurekin haserretu zena baina hala ere, beti zure alboan jarraituko zuela esan zizun jendea. Jendea? Lagunak. Lagun hitza ezabatuta eduki duzu hiztegitik duela denbora dezente. Berreskuratuko al dituzu? Berreskuratuko dituzu bizitako momentuak? Berreskuratuko dituzu hainbestetan besarkatu zintuzten besoak? Begietara begiratu eta irribarre egin zizuten pertsonak? Ezagutzen zintuztenak? Berreskuratuko duzu zure izatea? Eguneroko poza? Berreskuratuko duzu egunero goizean goiz jaiki eta zeure burua polit ikusteko nahia?

Non utzi zenuen hori guztia? Non dago? Non zaude zu? Non egon zara orain arte? Baina galderek ez dute zertan baliorik izan. Oraingoan egindakoa egin beharko duzu, eta barkamena eskatu. Barkamena eskatu aitari, amari. Barkamena eskatu Mireni, Eiderri, Amaiari, Itziarri. Barkamena eskatu Ainhoari, atzean utzi zenituen beste pertsona guztiei.

Amildegia ez da amildegi, aukera berri bat baizik. Betiko herria daukazu berriz zure aurrean. Euriak ez dizu leihoko kristalez haragoko paisaia ikusten uzten. Ozta-ozta ikus ditzakezu mendiak, garagar soroak. Autobusean pausatzen diren ur tantei erreparatu diezu. Banan-banan agertzen dira, eta konturatu gabe ere beste tanta batzuekin elkartzen dira, erritmoa azkartuz, errekak sortuz, desagertzen diren arte. Malkoak direla ematen du. Zenbat aldiz eginen ote zuen negar amak azken hilabeteotan. Zenbat aldiz aitak. Zenbat aldiz lagunek. Zenbat aldiz zuk. Orain zeruak ere gogorarazi dizu herriak ere ezinbestean negar egin duela. Geltokira ailegatu eta jaitsi egin zara autobusetik. Basamortu bustia ematen du herriak, ez dago inor. Neguko arrats goibel haiek ez zenituen gogoratzen. Lur busti usaina, eta zu blai eginda. Nora jo? Badakizu nora.

Geltokitik etxerako bidea beti hamar minutu ingurukoa izaten zen, baina hamar minutu izateko eternalak iruditu zaizkizu oraingoan. Amaigabeak. Euriak ez dizu kalea argi ikusten uzten, hezurretan sentitzen duzu jadanik ura. Eta ikusi egin duzu. Gorputzeko gihar guztiak gelditu zaizkizu. Hor gelditu zara, berriz ere amildegi aurrean egonen bazina bezala. Baina ez. Hemen zaude. Hemen, orain, betiko tokian. Baina aurrera egin du bizitzak, apenas konturatzeko betarik eman gabe. Arnasa bizpahiru aldiz sakon hartu duzu. Bat, bi, hiru. Ustekabean, zure hatzak etxeko txirrina jo du.

“Nor da?” entzun duzu. Ahotsik gabe gelditu zara bat-batean. “Nor da?” berriz ere. Erantzunik ez. Berehalakoan ulertu du aitak, eta atariraino jaitsi da minutu batzuen buruan. Atea ireki egin du. Ezagutzen al duzu ustekabean urte batzuk zaharrago ematen duen gizon hori? Bai. Aita da. Ezin izan dizu deus esan, beraren hitzak ere trabaturik geratu dira eztarrian. Bi besoak zabaltzen soilik asmatu du. Eta berriz ere sentitu duzu aspaldiko partez (zu ohartzen ez bazinen ere) beharrezko zenuen besarkada, aitaren beroa. Luzaroan egon zarete kalean bertan, bata besteari ezin estuago loturik, euripean, zuen begietako erreken uraren gazia zerukoaren gezarekin nahasiz. “Zer, sartuko gara?” xuxurlatu ahal izan dio azkenean ahapeka aitak, ahots dardaratiz. Begirada bat nahikoa izan da biak eskutik helduta atarian sartu eta eskailerak igotzen hasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!