Mikel Bujanda: "Nafarroako Gobernuak ez du amore eman nahi"

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

"Ez diogu nahierara emanen irrati lizentzia Euskalerria irratiari", Nafarroako Parlamentuan Kultura batzordean egin ditu hitz horiek Jose Luis Sanchez de Muniain Kultura, Turismo eta Harremanetarako Departamenduaren Kontseilariak. Auzitegi Gorenaren ebazpenaren ondoren ere, Nafarroako Gobernuak bereari eutsi eta ebazpena aztertu ondoren pausoak emanen dituela gaineratu du Muniainek: "Ebazpena betetzeko zerbitzu juridikoak izanen dira zein bide jarraitu behar dugun esanen dutenak ". Oraingoz argi geratu den bakarra Muniainen ustez, bi irrati lizentzia banatu behar direla berriro.

Inola ere ez dio Euskalerria irratiari zuzenean lizentziarik emanen Nafarroako Gobernuak Muniainen esanetan, "parlamentari batzuek nahi duten arren, irrati lizentzia ez dugu nolanahi emanen". Legeak beteta, prozesuari jarraiki esleituko du lizentzia, haren esanetan.

Euskalerria irratia erne izanen da

Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariak jarraitu du batzordea bertatik bertara. "Nafarroako Gobernuak ez du amore eman nahi", modu horretan laburbildu du Muniainek aditzera eman duena. Bujandak uste du "tentuz" jarraitu beharko direla Gobernuak irrati lizentzien auzian emanen dituen pausoak eta "erne" segitzeko beharra nabarmendu du "trikimailurik" erabil ez dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!