Goiz ernatu naiz gaur. Gosaria hartu bitartean, irratian albisteak aditu ditut. Lanean e-maila jaso dut, nire musikari kuttuna herriko kultur etxera datorrela iragarriz. Herriko umeak ikusi ditut bertako ondarea ezagutzen, eta bertze talde bat adinekoen txokora doa, belaunaldi arteko solasaldi bat edukitzera. Etxeko buzoian, ttipi-ttaparen azkeneko alea jaso dut. Gurea eskualde bizia dela erakusten dit hamabortzero ttipi-ttapak. Eta ohartu naiz, zeinen musika polita aditzen dudan ia egunero. Gauza ttikien musika da.
Oharkabean pasatzen zaizkigu gehienetan. Hor daudela ez gara ohartzen. Eta ez diogu erreparatzen euskarazko irratigintza, Nafarroan, egunero egitea zeinen zaila den. Zer dagoen Euskalerria Irratiko mikrofonoen gibelean. Zein egoera duten Xorroxingo langileek, edo ttipi-ttapakoek. Eta ez diogu erreparatzen zenbat kosta zaigun espazio horiek irabazten. Ez gaude horiek galtzeko, ez horixe.
Tamalez, gehienetan, irabazitako horiek galtzen ditugunean ohartzen gara zeinen inportanteak diren. Egunotan, Bortzirietako euskararen gaineko gogoeta egiten ibili gara. Irabazitakoa aunitz dela ohartu gara: hezkuntza arautuan, helduen euskalduntzean, hedabideetan, karrikan, aisialdian, kulturgintzan… eta egitekoa duguna are erronka haundiagoa dela azpimarratu dugu. Ikuspegi desberdinak jaso ditugu. Aitzinera begirako estrategiak batzen aritu gara. Baina denak bat etorri gara, zeinen galera haundia izan zen ttipi-ttapa telebista galtzea. Eta Ultzama-Basaburuan ere erreparatuko zioten Esan-Errain irratiaren isiltasunari.
Horregatik, gaur kontzienteago naiz gauza ttikien musikak egiten duela sinfonia. Heda ditzagun, erabil ditzagun, susta ditzagun, gure gauza ttikiak. Handiek baino zalaparta gutiago egiten dute, bai, baina ia beti, handiak edukitzeko ezinbertzekoak dira, horien oinarri baitira.