Anuska
Lagun bati buruz ez, bi lagunari buruz hitz egin nahiko nuke, edo, hobeto esanda, horiek eragiten didaten sentsazioen arteko kontrasteari buruz. Aspaldiko lagunak dira biak, koadrila berean ibilitakoak nirekin batera. Desegindako koadrila da hori, baina gure arteko harremana, asko aldatu den arren, ezinbestez markatu duena. Historia bat dugu amankomunean, eta familia bateko kide bagina bezala, ondo ezagutzen dugu elkar, batzuetan, nahiko genukena baino gehiago.
Ezagutzak ez duela tokirik behar eta inoiz ez dagoela soberan eta holako esaldiek ez dute, nire ustez, alor guztietarako balio. Badirudi beste norbaiten alderdi barrukoenak ezagutzearekin, horrekin dugun harremana sendotu eta hobetu egiten dugula. Baina, horrela al da beti? Ez duzue inoiz beste norbaiten hustutzearen aurrean ihes egiteko gogo deseroso bat menperatu behar izan? Eta aldiz, ez zarete inoiz ezkututako zerbait kontatu eta gero gaizki sentitu, migarriki damutzeraino?
Ni, istoria kontalaria naizen aldetik, intimitatearen gaiak izugarri kezkatzen nau, eta nire erabakiak zuzenak edo okerrak izan, ez dira inoiz hausnartu gabeak. Baina buruko arrazoiketa bat baino gehiago, benetan eta oso barnean ukitzen gaituen kontua dela uste dut. Bakarrik ez gaudelako munduan, eta besteekin ditugun harremanak egituratzen dituelako kontu honek. Guztiok gara geure eta besteen istorioen kontalariak, eta entzule edo irakurleak; eta badira mugak, edo babesak, badira lotsak eta fikzioak, egi borobilak, zurrumurru eta arinkeriak, badira sekretuak, apostuak, arriskuak, eta izaera ezberdinak, eta harreman ezberdinak.
Aipatutako bi lagun hauek antipodetan daude. Estherrek minutu gutxi batzuk besterik ez ditu behar bere familiako azken trapu zaharrak aireratzeko, edota horrekin lotutako autoanilisiaren xehetasun ulergaitzak goitik behera azaltzeko. Miriamek, aldiz, ez du bere kontu pribatuetaz datu gehiegirik ematen. Isila da, eta ez badiozu galdetzen, zaila da triste edo pozik dagoen jakitea.
Bakoitzak bere etiketa jasan behar du bere izaeragatik: Esher lotsagabea da eta Miriam, hotza. Nik biak maite ditut, baina deseroso nago maiz bata eta bestearekin. Eta horrek mintzen nau. Nola liteke hainbeste estimatzen baditut?
Haiek ere deseroso sentituko al dira nirekin? Galdetzen diot nire buruari. Denbora luzean honek gehiegi kezkatu nau: nola ikusten nauten, zein etiketa dudan nik. Berritsuegia naiz? Hotzegia, aldiz? Eta ezin asmatu, zeren bakoitzak oso gauza ezberdinak eskatzen dituela konturatu baitnaiz.
Hilabetetik hilabetera atal hau jarraitzen ikus daiteken bezala, pertsona oso ezberdinak daude munduan, eta ez dago izaera egokirik, norberari dagokiena ez bada. Ni ez naiz Esther bezain irekia, ezta Miriam bezain itxia. Eta harremanetan, hartu emanak direnez, bi aldeek ados egon behar dute transmititzeko eran. Sintonia berean ez badaude, interferentziak sortzen dira, irratian bezala: inbaditua senti dezakezu zure espazioa, edo urrutiegi, seinalea. Nik sentimendu hauek guztiak bizi izan ditut eta ez dira atseginak, maite dituzun pertsonekin gertatzen direlako gainera, horiekin eta ez beste inorrekin inplikatua dagoelako zure intimitatea.
Eta nola gauzak bideratu? Nola eroso egotera iritsi? Sintoniaren metaforaz lagunduko naiz, berriro ere. Halakoetan pixka bat mugitu behar da botoia seinalea hobeto iristarazteko: batzuetan, urrundu, bestetan hurbildu, poliki poliki eta tentu handiz. Halere, noiz edo noiz, horrela ere, ez da lortzen. Orduan, irratia itzali egin behar da denbora batez, eta, ahal bada, isiltasunaz disfrutatzen ikasi, bakarrik edo konpainian.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/04/anuska-ap.mp3]