Iritzia: Bi urratsetan lau mende aurreratuz

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Iñigo Astiz

Pentsatzen dut segurtasun kamarek

hartuko zutela zure jainko gihartsuen

aurkako duelu pertsonal txikia, baina

gero inori lapurretarik egiterik otu ezean,

galdu egingo dela betirako Zeusen

bularraldetik garaituta begirada lurrera

apartatzeko egin duzun keinu dotorea,

eta penaz hartu dudala aitortu behar,

nahiz erakutsi didan oraindik badugula

tarte hori gizatasunerako, ahazturarena;

inguruak eta belarrira hain gozoki

mintzo zaigun audiogidaren ahotsak

bestelakorik esan arren, hori badela

askatasunerako nahikoa espazio.

Dena dela ez da hori garrantzitsuena,

horri buruzko ezer esan ez dizudalako,

bi urratsetan lau mende aurreratzearen

plazer ezinbestez zaintzapeko eta bihurria

ez zapuztearren, pozik baikabiltza,

eta hori da egia, Babiloniako piezetatik

Egiptokoetara saltoka eta tarteka

museoa eraberritu zuen arkitektoa entzunez

II Mundu Gerran bonbek eraikinari

eragindako kalteei buruz hitz egiten,

sineste bidean jadanik inozoki

denborarena sarrera truke desegin daitekeen

beste gezur horietako bat baino ez dela,

harik eta exit seinaleak eta gero souvenir dendak

hiri oraindik ezezagun honetara jaurti gaituen arte,

elkarrekin eta gazte oraindik bai, baina -jadanik

audio gidaren azalpenik gabe- mundu

berriegi honetan lehen baino galduago sentituz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!