Arazo errealak
Politika orokorreko eztabaidan, Patxi Lopez guztiz sartuta ikusi genuen haren lehendakari mesianiko rolean. Pertsonaian horren murgildurik dagoenez, sortu zaigun zalantza da bizitza pribatuan berdin jokatuko duen. Erraz irudika dezakegu Ajuria Enean, emaztearekin, gosaltzen. Emaztea: “Egun on”. Lehendakaria: “Egun ona da, bai, atzo bezala gaur Eusko Jaurlaritza honek lan egingo duelako iragana atzean uzteko eta etorkizunerantz aurrera egiteko”. Emakumea: “Ufa, goiz hasi zara gaur zure ditxosozko erretolika hanpatu horrekin. Beno, zer nahi duzu?”. Lehendakaria: “Aldaketa sosegatua, demokrazian sakonduz herritar askez, solidarioz, iraunkorrez, biodegradagarriz osatutako Euskadi berrira eramango gaituena”. Emaztea: “Ederki, baina nik jakin nahi dudana da zer nahi duzun gosaltzeko, galletak ala tostadak”. Lehendakaria: “Ez naiz eztabaida zatikatzaile horretan sartuko, hori ez baita herritarrak kezkatzen dituen arazo erreala, eta ni herritarren arazo errealez besterik ez naiz arduratzen, errealitatea oso erreala delako, eta irrealitatea oso irreala”. Emaztea: “Ondo, har ezazu nahi duzuna... Portzierto, zuretzako bi eskutitz heldu dira”. Lehendakaria: “Atxagak esango lukeen moduan, bi letter jaso nituen oso denbora gutxian”. Emaztea: “Astuna zara gero aipu madarikatuekin... Kontuz. Jarri ahozapia, gorbata zikintzen ari zara eta”. Lehendakaria: “Txirri, Mirri eta Txiribitonek abesten duten bezala, zapi zuria aurrera”. Emaztea: “Aski da. Ezin zaitut gehiago jasan. Dibortzioa nahi dut”. Lehendakaria: “Lasai, maitea, zu eta bion artean gauzak ederki doaz. Arazo bakarra da zuk ez duzula egoera behar bezala ulertzen”.
Pikete basoerdiduna
Asteazkenean greba egiteko asmorik ez dugula aipatu genuen Zaldieroak eta biok Goñi Tabernan. Txikiteroa, beti bezala, labur baina sakon, oso sakon mintzatu zitzaigun: “Ekainaren 29ko grebak ez zuen lan erreforma geldiarazi. Beraz, grebarako arrazoiek zutik diraute. Ez al da hala?”. Gure erantzuna, oso gogorra egiten zaigula Nafarroako UGT eta CCOO bezalako sindikatuekin batera aritzea protestan. Txikiteroak, jakina, ez zuen etsi: “Asteazkenean lan eginez, UGT eta CCOOri kalte eta gobernuei eta patronalari mesede eginen diezue. Nor da etsai handiagoa? Gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, ekainean, CCOOk ere deitu zuen grebara, eta orduan ez zenuten izan haiekin bat egiteko arazorik”. Gure arrapostua, CCOOk deialdia bere kaxa egin zuela, gainontzekoez aparte. Txikiteroak erasoan segitu zuen: “Honako honetan, CGTk haren kaxa deitu du lanuztera. Ez ezazue egin UGT eta CCOOren greba, baizik eta anarkistena”. Gure defentsa, baldintza horietan gure grebaren zergatiak nahas zitezkeela. Txikiteroak aurrera segitu zuen, gupidagabe: “Egoera azken hamarkadetako larriena da. Ez al da langile guztien protestara zergatiak nahasteko unea?”. Geratu zitzaigun aukera dialektiko bakarra, egoerari buelta ematea, Txikiteroari galdetzea berak greba eginen duen. Haren erantzuna, beste behin ere, labur bezain sakona: “Nik greba guztiak egiten ditut, zer gerta ere”.
Bingoa Ludopatiaren Aurkako Egunean
Aspaldiko partez, gaur, amaitzeko, tutti-fruttia. Bat: azkenaldian egur gehiegi ematen ari gatzaizkio Patxi Lopez lehendakariari, eta hala ez dugu sekula lortuko euskal kulturan erreferentziazkoak izatea. Izan ere, egun, euskal kulturan, Patxi Lopezek haren diskurtso batean aipatzen ez bazaitu, ez zara inor. Joseba Sarrionandia, Kirmen Uribe eta, orain, Gari eta haren Esperantzara kondenatuak. Gariri emanen al diote Espainiako Musika Sari Nazionala? Bidenabar, barka gure ezjakintasuna -zergatik ez da ezjakinkeria?- baina, existitzen al da sari hori? Bi: Patxi Lopez balira bezala, EAJko buruek azken egunotan badute komunikazio arazo bat, betiere gure uste apalean. Gehiegi atzematen ari zaie enplegu politika aktiboen transferentzien auzian, alaiago daudela Lopezi eman dioten zaplastako politikoarengatik EAEren autogobernuan eman omen duten aurrerapausoarengatik baino. Hiru: munduko auto ekoizleen artean alarma gorria piztu da Autorik Gabeko Egunak mundu osoan eta bereziki Euskal Herrian izandako oihartzun zabalarengatik. Esan gabe doa erakundeek erantzunkizun handia dutela egunaren porrot horretan. Eta herritarrok? Honekin loturiko egiazko datu bat: Iruñeko Udalak zer antolatuko Autorik Gabeko Egun seinalatu horretarako eta haurrentzako zirkuitu bat Gazteluko Plazan, auto elektrikoak gidatzeko aukera eskaintzen zuena. Hau da, Ludopatiaren Aurkako Egunean irabazi asmorik gabeko bingoa antolatzearen antzeko zerbait.