Iritzia: Parisko hilketaz

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Erruki dut Jean-Serge Nérin polizia frantsesa. Erruki dut haren alarguna. Haren lau-seme alabak. Ez dakit nolakoa zen Nérin delakoa. Hartaz, ez zuela hala hiltzea merezi baizik ez dakit. Eta erruki dut, orobat, Joseba Fernández Aspurz iruinxemea. Erruki haren familia, haren lagunak. Ez dakit nola sentitzen ahal zaren zure semeak, zure adiskideak, heriotza ergel bat ekarri duen ekintzan parte hartu duela jakin ondoan. Krudela eta injustua ez ezik, ergela baita Jean-Serge Nérinen hilketa. 1970ean oraindik Vietnamen zeuden soldadu amerikar anitzek uko egin zioten borrokatzeari. “Ez dugu gerla puta honetan hiltzen diren azken ergelak izan nahi” erraten zuten. Jean-Serge Nérin lanean ari zen. Joseba Fernández Aspurzek uko egiten ahal zion egiten ari zenari. Luzatu behar zen, ordea, gure kontu triste hau. Jean-Serge Nérin hilik dago, eta Joseba Fernández Aspurz bizirik. Ez nuke haren larru barnean egon nahi, hala ere. Espainia ankerra bada bere zerbitzariak hiltzen dituenekin, are ankerragoa Frantzia. Eta Frantziarekin ez da negoziariorik izanen. Ezta noizbait kontu triste hau behin betikoz amaitzen denean ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!