Idurre Eskisabel
Hasteko aitortu behar dut gaur ekarri dudan irudiak utzitako gorputzaldi txarra ez zaidala pasa oraindik. Herenegun gauean zenbait komunikabideren webguneetan ikusi nuen bideo bat da. Ertzainak ageri dira irudietan -bideoa bera ere Ertzaintzak egin eta zabaldutakoa da pantailaren ezkerraldean ageri den zigiluari erreparatuz gero-. Ertzainak, bai, baina guardia zibilez mozorrotutako ertzainak, jantziz zein jarreraz.
Jantziz diot, bideoko irudi ilunetan ez baita Ertzaintzaren kolore gorriaren zantzurik ikusten; berdez ageri dira denak, esperantzarekin inolako zerikusirik ez duen guardia zibil koloreaz. Jarreraz ere bai: hortzetaraino armatuak eta tropelean sartu baitira ilupean isilik eta lasai dirudien portalera. Kameraren mugimendu arraroak gero, ETAko kide bat gordetzen den etxeko atea botatzen dutenekoak omen. Eta, ondoren, ustezko etakidearen irudiak: indarrez ohean etzanik ahospez, eta ertzainak eskuburdinak jartzen.
Ez da argi ikusten ustezko etakideak pijama edo azpiko arropa erabiltzen duen lotarako; bai, ordea, izarek marrazkiak dituztela eta ustezko etakideak eta haren ohekideak almohada bana erabiltzen dituztela. Bukatzeko, ustezko etakidea izan daitekeen zerbait lurrean etzanik eta gainean ertzain bat hura menderatua duela adierazten. Ehizeko trofeoa.
Ziurrenera gardentasunaren izenean erakutsi digu hori guztia Jaurlaritza berriak. Atxiloketak ere normaltasunez egiten dituztela erakusteko. Baina ez digute erakutsi etxe horretan Ibon Iparragirre atxilotuarekin batera bikotekidea eta bost hilabeteko alaba zeudela. Eta ez dizkigute erakutsi eta ez dizkigute erakutsiko Iparragirreri eta harekin batera atxilotutako lau lagunei inkomunikazio aldiko interrogarioetan grabatutako irudiak.