Egoera legala

nagusia 2011ko abenduaren 24a

Badira gure irratiari erreparatzeko bi modu: irratiak egiten duena eta irratiari egiten diotena. Batetik, egiten duguna, geure eskaintza, geure lana, zer eta norekin, baditugu  lagun eta  laguntzaile; bestetik, egiten digutena. Badira zenbait traba jartzaile, ukatzaile, oztopotzaile. Ez dira asko, baina ahaltsuak dira: agintean daude.

Geure eskubideen defentsan maiz jo behar izan dugu  auzitara. Abokatu eta epaileen artean ibiltzen aspaldian ikasia dugu. Oraindik azken hitza eman gabe dago -hamalau urteren ondotik!-, 1998ko irrati emakiden banaketaz. Bi alditan lortu dugu Nafarroako Auzitegiak baliogabe uztea Nafarroako Gobernuaren erabakia, gu bazter uzten gintuena. Baina ez du etsi foru Gobernuak eta Madrilgo Epaitegi Gorenean dago auzia epaiaren zain.

Madrilen ere,  Auzitegi Nazionaleko Administrazio gaietarako Aretoan, beste auzi bat dugu: hel egin dugu baimenik gabe emititzen dugula eta Industria Ministeriotik ordain erazi  ziguten isunaren aurka.  30 mila euroko isun izan zen 2010eko abenduan jarri zigutena.

Baimenik gabe ari bagara ez dela gure erruagatik, eta emititzeko eskubidea aldarrikatu dugu epaitegian. Eskaera horrekin Europako erakundeetara jotzeko asmotan gaude. Auzibidetan ez ezik, proposamenak eta eskaerak jendartera, gizarte erakundeetara,  Parlamentura, Gobernura eraman dugu behin eta berriz.

Aurten irrati lizentzien banaketa berri bat egin behar dutela iragarri du Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuak. Erne gaude, prest, oraingoan bai, Euskalerria Irratiak bere baimena lortuko duen uste on betean  eta  luza gabe legearen babesean ari ahal izanen garelakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!