Langileek planteatutako bideragarritasun planak etorkizunik ez duela onartu dute, baina, Faureciaren itxiera ahalik eta modurik duinenean egitea eta kaltea ahalik eta txikiena izatea da lortu nahi dutena enpresa komitetik. Aste osoa daramate langileen ordezkariak enpresako buruzagiekin biltzen. Goizez eta arratsaldez izaten dituzte bilkurak. Gaur goizean aurrerapenik ikusi dute, baina txikiak dira oraindik langileen ustez. Enpresaren itxierak sortuko lukeen egoera hobetze aldera jo dute, "langileen baldintzak hobeak izanen dira jubilazioei dagokienez adibidez, baina oso aurrerapen txikia da, ez da nahikoa, ez guk eskatzen duguna". Negoziazioaren arabera, 55 urtetik gorako langileek lor dezakete aurrejubilazioa.
Benetako negoziazioa orain ari dela gauzatzen esan du Koldo Apestegia, LAB sindikatuko kide eta Burlatako enpresako langileak. Bihar ere biltzekoak dira bi aldeak ELA sindikatuko Koldo Erbitik aurreratu duenez.
Negoziazioan dabiltzan bitaretan protestak egiten dituzte langileek. Burlatan bertan egunero egiten dituzte elkarretaratzeak. Parlamentuaren zein Gobernuaren egoitzaren parean maiz izaten dira. Bihar gizarte eragile eta sindikatuek deitua duten manifestazioarekin bat eginen dutela iragarri dute.