Faurecia errentagarria dela eta etorkizuna ziurtatua lukeela diote langileek

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 11a, 19:31

Haien egoeraren berri eman dute gaur Parlamentuan

Errealitatearen aurpegi latzenetakoari begiratu eta enplegu galerari azpimarra eginda enpresa baten izena oraingoan protagonista. Burlatako Faurecian gerta litekeenari begiratu diogu oraingoan. 191 langile borrokan ari dira, euren lanpostuen defentsan. Joan den ostegunean jakinarazi zien zuzendaritzak Burlatako lantegia ixteko asmoa duela. Ezustean harrapatu ditu langileak. Ez dute etsi nahi, lantegiak etorkizuna baduelakoan daude.

Gaur erakundeekin dituzte harremanak. Goizean, Parlamentuan izan dira, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu batzordean. Laguntza eskatu diete taldeei.

Bost ordezkarik kezka azaldu diete Parlamentuko eledunei

Errentagarria da eta etorkizuna ziurtaturik lukeen enpresa da Faurecia. Hitz horiekin zuzendu zaizkie Parlamentuko alderdietako ordezkariei. Ez dute etsi nahi, baina, langileek euren esku izan den guztia egin dutela ere adierazi diete.

40 urte daramatza Faureciak Burlatan. 2008. urtera arte irabaziak izan ditu enpresak. Duela zazpi urte, automobilgintzaren krisiarekin batera estutasun puntua iritsi zitzaien. Zenbait urtetan, 2008tik 2010era galerak izan ditu, baina une puntualetan izan da, datu orokorrei begiratuta, 2007tik 2013ra irabaziak 9 milioi euro baino gehiagokoak izan direlako.

Iazko datuak ez dituzte, baina jakin badakite, urtearen erdi aldean, enpresa osatzen duten bi multinazionalen artean 22 milioi euro banatu zituztela, lortutako irabaziak zirela-eta.

Langileen kualifikazioak urteetan hobera egin du, efikazia eta produktibitatea hazi egin da. Urterik zailenetan, enpresako ordezkariekin bildu eta bideragarritasun plana egiteko prest azaldu dira, euren lan-baldintzak aldatzeko prest, baina, enpresak ez du eurekin akordioetara iristeko borondaterik izan.

Ez dute bir-kolokatzerik nahi, beste langileei kenduko dietelakoan lanpostua. Euren enpresaren bideragarritasuna frogatzen duten datuak eskuan, diote, enpresa ez ixteko aukera guztiak aztertu behar direla.

Euren egoera kezkagarria, latza azaltzerakoan, hotz izaten saiatu dira hasieran, bukaeran ordea ezin izan diote malkoei eutsi. Joan den ostegunetik ona, 11.000 sinadura bildu dituzte, herritarren babesaren adierazle.

Elkartasuna adierazi diete
UPNko eledunak esan du, Gobernuko kideek euren esku dagoen guztia eginen dutela enpresak itxi behar ez izateko, baina ekiditea lortzen ez badute, beste enpresetan langileak bir-kolokatzeko esfortzua eginen dutela. PSNko eledunak langileen borroka nabarmendu du, babesa adierazi eta euren bozgorailu izaten saiatuko direla. Deslokalizazioaren ondorioz, tragedia baten aurrean gaudela nabarmendu du Bilduko Bakartxo Ruizek. Gobernuak esku hartzeko aukera baduela dio, beste hainbat kasutan egin duen bezala.

Borondate politikoa falta dela esan du Aralarko Patxi Zabaletak, ez Nafarroan bakarrik baizik Europa osoko Gobernuetan, deslokalizazioaren aurkako neurriak hartzeko unean. Frustrazioa eragiten dio egoerak Geroa Baiko Manu Aierdiri. Langileak prest izan dira aurreko urteetan irtenbideak emateko, orain Gobernuak lehentasunak finkatu beharko lituzke. Sentsibilitate kontua dela uste du Izkierda-Ezkerrako Joseba Ezeolazak.

Parlamentuan Faureciako enpresa komiteko bost ordezkari izan dira azalpenak ematen, kanpoan bitartean, gainerako langileak protestan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!