Egun bi talde daude. Horietako batek 25 ikasle ditu eta besteak 26. Ratio maximoa 25ekoa da. Gainera, ikasleetako batek hezkuntza behar bereziak ditu, eta beste bik diabetes mielitikoa dute eta monitorizaturik egon behar dute, haien glukosa maila kontrolatu ahal izateko.
Familiok prentsa ohar baten bitartez jakinarazi dutenez, Hezkuntza Departamentuari bilera eskatu diote haien bi gelotan zein egoera bizi duten azaldu ahal izateko, baina ez diete hitzordurik eman. Joan den astean ikuskatzaile bat ikastetxera joan zen, eta familiei esan zien egun bizi duten egoera “legearen barruan” dagoela; izan ere, ikasleetako batek epez kanpo eman zuen izena eta hori horrela ez da derrigorrezkoa talde berri bat sortzea. Familien aburuz, “Hezkuntza Departamentuak zenbakiak alde batera utzi eta taldeen ezaugarriak eta beharrak hartu beharko lituzke aintzat”.
Alkateak kontseilariari bilera eskatuko dio
Irailaren 28an, Zizur Nagusiko Udalbatzak hirugarren lerroa zabaltzearen aldeko premiazko adierazpena onartu zuen, argudiatuz “haurrek eskubideak, hezkuntzaren kalitatea eta hezkuntza inklusioa betearazteko irtenbiderik zentzuzkoena” dela. Adierazpena Geroa Baik, EH Bilduk, PSNk eta AS Zizur taldeek sinatu zuten. UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten. Geroa Baiko alkate Jon Gondanek Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari bilera eskatuko diola iragarri du.