“Egitaraua bigarren mailan geratuko da, ekitaldi sorta oparoaz osatua egon arren, izan ere, kalean berriz elkartzeko, besarkatzeko eta galdutako egun horiez gozatzeko izanen dugun aukera nagusituko da”. Bi urteren ondotik gaur abiatuko dira Antsoaingo festak, eta hori da garrantzitsuena Ibai Anton kultura eta festetako zinegotziren eta Ander Oroz alkatearen ustez. Udaletxeko plazan hasiko da festa, 18:00etan, Antonio Liberal Irigoienek botako duen suziria lehertzearekin batera.
Udalak antolatutako herri bozketan botoen %44 eskuratu zituen Liberalen hautagaitzak. “Antonio Liberal oso pertsona ezaguna da Antsoainen, Facebookeko Antsoain proiektua talde ezagunaren sortzaileetako bat baita”, azaldu du udalak. Udalerriko iraganeko garaiak gogora ekartzea du helburu proiektuak, argazki, bideo eta oroitzapenen bitartez.
Ogibidez, telekomunikazioetako ingeniaria da Liberal. Parkinson gaitza du, eta “mouse helper” izeneko programa garatu du, eskuetan mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei ordenagailuko sagua maneiatzen laguntzeko. Programaren erabilera doan utzi du. Telekomunikazio Ingeniarien Nafarroako Elkarteak 2021eko Telekomunikazio Ingeniari izendatu zuen.
Dantza eta jana
Txupinazoaren ostean berehala izanen da egitaraua osatzen dutenen ekitaldien artean lehenengoa, erraldoi eta buruhandien konpartsa irtengo da-eta, kaleak alaitzera. Egunero izanen dira karrikan, ibilbidea aldatuz txoko guztiak bisitatzeko. Kalejiran txosna guneraino joanen dira festazalean gaur arratsaldean, pokole fest jaia ospatzeko. Kontzertuak izanen dira ondoren, Reyerta eta bertako DJekin. Ostiralean, berriz, Sofokaos, Arene 6 eta Maruxak igoko dira oholtzara, eta larunbatean, Sua, Dupla eta DJ Reimyren txanda izanen da.
Otordurik ez da faltako, halaber. Larunbatean, paella jate erraldoia antolatu du txosnen batzordeak, Lapurbide kalean. Aurretik haur jolasak izanen dira, eta bazkalondoan Broken Brothers Brass Bandek girotuko du. Beste bi herri bazkari ere izanen dira egun berean. Sahieski jana batetik, Harrobi inguruan; eta erretiratuen bazkaria, Uslaer jatetxean. Igandean, berriz, kalderete lehiaketa ospatuko da, Harrobi inguruan. Udalak ogia eta ardoa jarriko ditu, eta Joaquin Sanz saria banatuko dute.
Erasoen aurkako protokoloa
Indarkeria sexistaz kontzientzatzeko informazio puntua ezarriko du Antsoaingo Udalak aurten. Ostiralean txosna gunean izanen da, 23:00tatik 03:00ak bitartean; larunbatean, berriz, Lapurbide plazan 22:00etatik 01:00ak arte. “Asmoa da emakumeek eta, bereziki, neska gazteek jaietan indarkeria sexistari buruz dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, eta babeserako eta informaziorako gune bat izatea, indarkeriari aurreko egiteko bitartekoak eta tresnak emanez”, azaldu du udalak.