M28 udal eta foru hauteskundeak

Joseba Orduña (Eguesibarko Geroa Bairen alkategaia): “Navarra Sumak paralisia ekarri du Eguesibarrera”

Pello Argiñarena Urriza 2023ko mai. 16a, 11:03

Eguesibarrek garai batean izandako “distira” itzuli nahi dio Geroa Baiko alkategai Joseba Orduñak. “Eguesibarren bizitzeko baldintzak berreskuratu nahiko genituzke. Kulturgune eta auditorioa sortzeko beharra badagoela iruditzen zaigu. Liburutegi handiagoa ere beharko genuke. Alde Zaharrean dauden zenbait eraikuntza berrituz, zenbait proiektu egin nahiko genituzke”, azaldu du. Uste du, urteotan UPN aginte makilarekin izan den artean bizilagunak ahaztu dituela. “Herritarrentzat ez da lanean aritu, funtzionarioak ere ahaztuta izan ditu. Eurek esanda, gidaritzan ez dute inor izan azken urteotan”, esan du.  

Ongizate soziala garatu beharko litzatekeela ere gaineratu du Orduñak. “Zerbitzu sozialak indartu behar dira langile kopuru gehiagorekin”, dio. Eguesibarren bi osasun etxe daude. Sarrigurenen bat eta bestea Uharteko Osasun Etxearekin lotura duen kontsultategia da. “Erripagainan dena dela, beste osasun etxe bat beharko genuke. Hilabete bat eta erdiko itxaron zerrendak daude Sarrigurengo Osasun Etxean. Langile gehiago behar dira, onartezinak direlako datuak”, esan du kezkatuta.

Sarrigurenez eta herri txikiez osatutako bailara

Herri txikiz osatua dago Eguesibar. Eta horiek ez daude sarritan protagonista moduan. Sarriguren nabarmentzen da denon gainetik. “Gu, Gobernuan izan ginenean kontzejuei euren lekua eman genien, eurekin elkartu ginen eta haien beharrak entzun. Egia da Sarrigurenen bizi dela jende gehien, baina, ezin dira erantzun gabe geratu besteen beharrak”, uste du Orduñak. “UPNk ez du batere egin herri horiekin. Dituzten eskakizunei bazter egin diela esan dute herritarrek eurek”, gaineratu du.

14.000 biztanle dira Eguesibarren. Sorrera, ekohiria izanen zela agindu zuen alderdi erregionalistak. Hartatik zenbait urte pasa dira eta bai, bailara berdegunez osatuta dago, Sarrigurenek parke zentral handia du eta parke txiki ugari daude. “Bide horri jarraitu beharko litzaioke eta energetikoki bide ekologikoagoak ezartzen segitu”.

Sarriguren: Bi kilometroko etorbidea. Ezker-eskuin etxe handiak. Eraikuntzaz beteak. Plazak ere badaude tartean. Haurrak eta gazteak ikusten dira noiznahi. Asteburuetan, jatorrizko herrietara joaten dira asko, hori ere nabarmena da Geroa Baiko alkategaiaren iritziz. Astez baina, jende askok egiten du bizia Sarrigurenen. Haurrak, gazteak eta gurasoak dira nagusi. Baina gero eta gehiago izanen dira adinduak ere. Zerbitzuak egokitu beharko dira haientzat eta baita behar bereziak dituzten bizilagunentzat ere Orduñaren esanez.

UPNren jarrerak ez ditu bizilagunak kontent utzi

Herrietako biztanleak eta funtzionarioak ez daude kontent UPNren agintaldiarekin. Hala dio Orduñak. Funtzionarioek behin baino gehiagotan esan diote ez dutela izan inor gidaritzan. Horregatik, proposatzen dutena da kontu-ikuskaritza bat egitea, bailarak zer behar duen argitzeko. Udaltzaingoari arreta ere eman behar zaiola uste du: “Gutxi daude. Zabalera handia dugu. Baldintza hobeak behar dituzte”, dio.

Hauteskundeei begira Geroa Baiko alkategaiak argi du: “Edo Joseba da alkate edo UPN da alkate. Horiek dira aukera bakarrak. Gu gara, alkatetza hartu dezakegun aurrerakoi bakarrak. PSNrekin konfiantza gutxi dut”, argitu du.

Galdetuta ia iruditzen ote zaion PSNren jokaldiaren bidez UPNk izanen duen berriz aginte makila,  gerta daitekeela uste du: “Ezin jakin zer eginen duen alderdi sozialistak. Espero dezagun azken urteotan ikasi izana eta gobernu aurrerakoien aldeko apustua egitea. Orain arte jarrera hori hartu du soilik alderdi sozialista bada alkatetza lortuko duena”, gogoan du.

Hortaz, azken urteotako balantzea ez da batere ona, txarra da Orudñarentzat. “Arlo guztietan suspentsoa dute. Azken aldian UPNko kideak PSNrekin argazkietan agertu dira hainbat azpiegitura aurkezten. Guk utzitako lanak izan dira: gaztegunea, adibidez”, esan du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!