Joakin Lizarraga ikastetxearen izena euskaraz bakarrik dagoelako kexu azaldu da UPN

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 18a, 07:55

Joakin Lizarraga ikastetxea. Arg: mendibil.eu

Sarrigurengo D ereduko ikastetxe publikoko errotulazioa euskaraz idatzia egotea "inposizio bat" da UPNrentzat.

Eskolaren kanpoaldeko errotulazioak "euskararen foru dekretua urratzen duela" salatu dute erregionalistek ohar batean: "Bi hizkuntzatan idatzia egon beharko luke, baita gaztelaniaz ere". Horregatik, azalpenak eskatuko dizkiete, bai Eguesibarko Udalari, baita Hezkuntza Departamentuari ere. Joakin Lizarragaren izena euskarazko era arautuan idatzi izana ere kritikatu dute erregionalistek: "Izena aldatu diote Elkanon jaiotako idazle nafarrari, gaztelaniazko bertsioa baztertuta". Oharrean, "Joaquín" forma hobetsi dute.

Horretan guztian "obsesio bat" antzematen du alderdi eskuindarrak. Udalarena eta gobernuarena, alegia: "Tematuta daude euskararen inposizioarekin, egungo araudia ere urratzeraino". Horregatik, UPNren udal taldeak txarretsi egin du "euskara hutsezko errotulazioan dirua xahutu izana, ikastetxearen benetako arazoak aintzat hartu beharrean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!