Ereduen arteko banaketak soilik berma dezake hizkuntza inmertsio egokia

Sarrigurengo hitzaldia (Argazkia: Ahotsa)

Hala azaldu dute adituek, Sarrigurengo Denok Bat Denok D familia taldeak antolaturiko mahai-inguruan. Ehun lagunek parte hartu dute ekitaldian.

Aditu zein profesionalak D eredua behar bezala garatzeko eta ikasleei hizkuntza-inmertsio zuzena eskainiko dien hezkuntza kalitatea bermatzeko, CP Sarriguren IP hizkuntza-ereduen arabera banatzearen alde agertu ziren aurreko ostegunean, D ereduko “Denok Bat Denok D familien taldea”-ak antolatutako hitzaldian. Bertan, Iñaki Martinez Urmenetak, orientatzaile eta inmertsio linguistikoan adituak, CP Alaitz IPko Zuzendariak eta Berriozar eta Mendillorriko D ereduko bi amek Sarrigurengo ikastetxeari bete-betean eragiten dion gaiaren inguruko beren ikuspuntua azaldu zuten, datorren ikasturteari begira, Sarrigurenen, 1.500 ikasle izango dituen makro-ikastetxea aurreikusten baita eta, hori dela eta, bai Guraso Elkarteak eta baita Eskola kontseiluak ere ikastetxea bi zentrotan banatzea eskatu baitute.


Iñaki Martinez orientatzaileak azpimarratu zuen hizkuntza-inmertsioa gauzatzeko eskolan egiten den lanaren % 80 izan behar dela euskaraz. “Horrela ez bada, ez da inmertsioa; beste gauza bat da eta beste helburu batzuk bilatuko dira” adierazi zuen. Martinezek argi utzi zuen inmertsioaren helburua ikaslea bi hizkuntzetan aritzeko gai izatea dela. “Hikuntza-ikasketa instrumentala izan behar da, hizkuntza erabiltzeko. Horretarako irakasle guztiak elebidun izan behar dira eta feedbacka bermatuko duen inmertsio-programa propioa eduki behar da”. Argi azaldu zuen inmertsio programa batek behar bezalako metodologia behar duela. “Hizkuntza-ereduen arabera banatzeak abantila eta eragozpenak izan ditzake, baina modu bakarra da D ereduaren helburu linguistikoak betetzeko”adierazi zuen.

Bestalde, Iñaki Anduezak CP Alaitz IPan bizitako esperientzia zehatz-mehatz azaldu zuen. Barañainen, duela 20 urte izan zuten ererdu linguistikoen araberako banaketa eta, oraingo perspektibarekin ikusita ere, bere hitzetan, “oso erabaki positiboa izan zen guztiontzat, baita G eredukoentzat ere”. “Bereizketaren ondoren, euskarari bultzada ematea lortu genuen eta ezagutza eta erabileran eragin, hizkuntza-paisaia euskaldunagoa bihurtuz” Elkarbizitza dela eta, batzuentzat bereizketak ekar zitzakeen zalantzak eta beldurrak “erabat gaindituta gelditu dira”, gaur egun Korrika edo Inauteriak bezalako ekintzak elkarrekin ospatzen baitituzte eta elkarbizitza herriko beste hainbat espazio eta jardueratan ematen baita, hala nola, Udal kirol Eskoletan, Musika Eskolan eta beste hainbat kultur gunetan. “Euskarak diskriminzio positiboa behar du erabilera bultzatzeko”. “Euskarak presente egon behar du eskolako bizitzan, irteera eta kultur jarduera guztietan, ez klasean bakarrik” zehaztu zuen. Eskola mistoak ez zuen bultzada horretan laguntzen, adierazi zuen eta, ez dago zalantzarik, euskaraz ongi ikasteko bereizketak abantailak baino ez dituela ekarri. Baita ikuspuntu praktiko bati dagokionez ere, ikastetxearen antolaketa errazagoa baita. Baina, batez ere, hizkuntza ikasteari dagokionez, “Gaur egun ez genuke besterik onartuko”.

Aintzane eta Jaione, hurrenez hurren, lehen eskola mistoak eta orain D ereduko Mendillorri eta Berriozarreko amak, bat etorri ziren hausnarketa hauekin. “Oso esperientzia positiboa izan zen eta inondik inora ere baztertzailea” zehaztu zuen Jaionek. “Gaur egun, ikastetxea elkarbanatzen dugu baina espazioak banatuta ditugu eta kudeaketa erabat independentea da”, azaldu zuen. “Euskarari behar zuen tokia emateko modu bakarra zen” arrazoitu zuen, argi utziz elkarbizitza mantendu egiten dela, adibidez, beste ereduetakoak festeetara-eta gonbidatuz. “Elkarbizitza hobea da bakoitzaren espazioa errespetatzen bada”, argudiatu zuen. Mendillorrin, banaketa goiko eta beheko zonaldeetan eman zen eta abantailak nabarmenak izan zirela azaldu zuen Aintzanek. “Auzoan elkarbizitza ematen da, arazorik gabe, baina ikastetxeak ereduen arabera banatuta izanik, hain hizkuntza txikia den euskararen espazioa bermatzen da” arrazoitu zuen.