Sarrigurengo festak, bihartik aurrera

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 12a, 08:50
Txupinazoa gaur jaurtiko du Eguesibarko Udaleko Kultura zinegotziak. Argazkia: Sarri Kultur Elkartea.

Gaur 19:00etan botako dute txupinazoa Sarrigurenen. Ikuskizun ibiltariak, erraldoi eta buruhandien konpartsa eta dantzaldiak izanen dira.

Hiri sortu berriak jaiak ospatuko ditu asteburu honetan. Jai egitarau mardula antolatu dute, adin guztietako herritarrentzako ekitaldiz beteta. Patricia Cifrian Eguesibarko Udaleko Kultura zinegotziak jaurtiko du txupinazoa. Gazte txarangak, kale antzerkia, eta haurrentzako puzgarriak eta jolasak izanen dira. Eguesibarko musika eskolako ikasleek alaituko dute giroa haien musikarekin. Gauean musika izanen da nagusi: dantzaldiak izanen dira goizaldera arte eta ondoren DJak.

Erraldoien eta buruhandien konpartsa larunbatarekin irtengo da kalera. Kaldereteak ere eginen dituzte eta iaz izan zuten arrakasta errepikatzea espero dute aurten ere sarrigurendarrek. Magia ikuskizuna, batukada eta gaiteroak izanen dira arratsaldean. Su festa ez da faltako gauean, ezta dantzaldia ere, Kresala taldearekin, Elizmendi plazan. Gazteentzako ekitaldi berezia ere izanen da: paintball-a.

Haurraren eguna igandean izanen da. 09:30ean dianak izanen dira eta hortik aurrera umeei eskainitako hainbat ekitaldi. Artisau azoka izanen da goizean, baita txakur lehiaketa ere. Puzgarriak eta jolasak, apar festa, abesbatzak, euskal dantzen ikuskizuna eta moto lasterketak egiteko aukera ere izanen dute gaztetxoenek.

‘Sarrigurengo 2015eko festak’ izeneko pintura eta argazki lehiaketan izena eman daiteke. Uztailaren 30a arte izanen da aukera argazkiak zein pintura lanak aurkezteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!