Sortzen Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastetxe publiko euskaldunak biltzen dituen eskola sarea da. Ikasle, irakasle, guraso eta ikastetxeko langileen arteko elkarlanaren bidez Euskal Eskola Publiko Berriaren alde lan egiten dute Euskal Herri osoko eremu publikoan euskal hezkuntza indartu eta hedatu dadin. 20 urte dira jada Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia ospatzen dutela. Urtez-urte atxikimendu gehiago biltzen dituen aldarrikapen jaia da. Iaz 18.000 lagun inguru bildu ziren Uharten.
Aurten Sarrigurengo eskolako gurasoek antolatu dute festa “Izpi berriez, eskola berria” lelopean. Haizeak gogor jotzen duen herrian, eguzki izpiak ekartzen dituen pertsonaia da Izpitxo aurtengo maskota.
Sarrigurengo populazioa izugarra azkar handitu da azken urteotan. 20015ean 5 auzolagun zituen herrian egun 14.000 pertsona bizi dira. Bertako eskola publikoak ez ditu espazio beharrak asetzen eta Gobernuari bigarren eskola bat eraiki dezaten eskatzeko eskolako guraso eta irakasleek protesta eta mobilizazio ugari burutu dituzte azkenaldi honetan.
Egitaraua
Goizeko 10:00etatik hasita, arratsaldeko 20:00ak arte musikaz, tailerrez eta ikuskizunez beteko dituzte antolatutako lau gunean: Izpitxo, Malkaitz, Lakarri eta Ttangorri.
Egun osoan zehar, artisauen azoka, Traperos de Emauseko autobusa edota Sendavivako tapiz magikoa izanen dira. Honetaz gain puzgarriak, Hamarratz txokoa, eskalada-murrua edo Komiki tailerra. Fanfarreak, trikitixak eta gaitariak izanen dira jai gune guztietan. Dantza ikuskizunak, pilota partidoak eta tonbola beste eskaintza batzuk izanen dira. .
Kontzertuen artean aurtengo abestia sortu duen ZWEKERE taldearenaz gain, LEGALIZ MURDER, HERABE, BBBB, LEHIOTIKAN eta TRIKIDANTZ. Ttangorrin ere , ELORRI, DABHAKANA eta AKIAKULE, azken honek dantza tailerra eginen du ere eta taldeen artean DJTXO izanen da.
Izpitxo gunean izan ezik, gainontzeko hiruetan edateko eta jateko aukera eskainiko da.
Iruñerriko Mankomunitateko garraio zerbitzu publikoko 18, 20 eta 23. Lerroak iritsiko dira Sarrigurenera. Bestalde, autoentzako aparkelekuak prestatu dituzte Sarriguren herriaren sarreretan.
Sortzen jaia app
Mendillorriko institutuko ikasleek mugikorretarako aplikazioa sortu dute. PlayStoren doan eskuragarri dago eta bertan guneen informazioa, aparkalekuen kokalekua edota egitarauaren zehaztasunak aurkitu ahal izanen dira.
Hemen deskargatu daiteke.