Sarrigurengo ikastetxean zuzeneko saioa eginen du gaur Euskalerria Irratiak, Sortzen festaren karietara

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 6a, 18:56

Goizeko 9:00etatik 11:00etara eginen dute irrati saioa, Sarrigurengo ikastetxe publikoan. Ikasleak, gurasoak, irakasleak eta bizilagunak gonbidatu dituzte, ikastetxeaz, Sortzenen jaiaz eta herria mintzatzeko. Oskar Estangak eta ikastetxeko neska-mutikoek festaren kanta abestuko dute, eta Izpitxo maskota ezagutzeko parada ere izanen da.

Izpi berriez, eskola berria leloarekin Sarrigurengo ikastetxea ari da 2015eko Sortzen jaia antolatzen. Maiatzaren 17an ospatuko dute festa. 20 urte beteko ditu Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiak.

992 haur ari dira Sarrigurengo ikastetxe publikoan eskolak hartzen, nahiz eta 675 ikaslerentzat eraikitakoa den. "Ikastetxea zabaldu egin dute baina horrek ez du arazoa konpondu, ikasgela gehiago sortu dituzte baina amankomunak diren gelak berberak dira eta hortaz eraikinak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen", hala nabarmendu du Irati Askunze Sortzen jaiaren antolatzaile taldeko kideak.

Duela hiru urte hasi ziren Sarrigurengo gurasoak, haurrak eta irakasleak ikastetxe berria behar zela aldarrikatzen. Haatik, Nafarroako Gobernuak ez du arazoa ganoraz konpondu. Heldu den ikasturteari begira ere kezkatuta daude. Hiru urteko 215 haurrek egin dute aurre-matrikula ikastetxean eta lekurik ez dago denentzat. "Benetako irtenbideak behar ditugu arazoari aurre egiteko eta horiek ez dira ikasgelak zabaltzearekin konpontzen".

Izpitxo izanen da maiatzaren 17ko jaian Euskal Eskola Publiko berria aldarrikatuko duen pertsonaia. "Haizeak gogor jotzen duen herrian, eguzki izpiak ekarriko dizkigu Izpitxok". Egun osorako egitaraua ari dira osatzen. Dantza, musika, kale ikuskizunak, antzerkiak, animazioa, tailerrak, kontzertuak ... Hiru gunetan banatuko dituzte. Jaia iragartzeko abestia ere entzungai jarri dute. Zwekere taldeak sortutakoa da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!