Sarrigurengo haurrek eskola berria eraiki dute kartoizko kutxekin

Euskalerria Irratia 2015ko api. 23a, 20:30

Irakasle eta familiek berretsi dute Gobernua egiten ari den handipena ez dela aski eta arazo gehiago ekarriko duela bai irakaskuntza bai kudeaketa alorretan.

Ehundaka haur aritu ziren atzo, txapela horia jantzita, igeltsero lanetan eskola berria altxatzen. Modu honetara gaur egun duten eta heldu den urtean larriagoa izanen den leku faltaren arazoari irtenbidea bilatu nahi izan diote haurrek.  

Hezkuntza komunitateko ordezkariek, Eguesibarko auzolagunen laguntzarekin, tetrabrik adreiluak paratu zituzten erakin berriaren oinarri gisa.

Haien ustez Sarrigurenek ez du 1.200 ikasleentzako makro-eskola bat behar, Gobernuak nahi eta irailetik aurrera izanen duten bezala. Hori baino bi eskola txikiago nahiago dute bertako familiek eta irakasleek.

Atzo arratsaldean eskola handitzeko obren aurrean eginiko protesta ekitaldi hau, joan den astelehenean irakaslegoak, Guraso Elkarteak eta Sarriguren Hazi Hezi plataformak eskolan bertan egin zuten agerraldiari gehitzen zaio.  Haien ustez Hezkuntza sailaren bederatzi gela berri egiteko erabakia ez da aski hurrengo urtean egonen diren hamar talde berrientzat eta gainera irakasleen lana zaiduko du “eskola bat fisikoki hiru zentrotan banatua” izanen dutelako. Bederatzi gela horiek “irla” moduko bat izanen dira eraikin nagusitik bereizita. Sarrigurengo hezkuntza komunitate osoak kalitatezko hezkuntza berma dezan eskatu dio Nafarroako Gobernuari bi ikastetxe eginez.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!