UPNko zinegotzi bat eta NASIPAko hainbat arduradun auzipetu ditu Agoizko epaileak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 18a, 08:32

Alberto Idoate Eguesibarko zinegotzia  eta Iñigo Solchaga zinegotzi izandakoa deitu ditu deklaratzera Agoizko epaileak. Apirilaren 10ean epailearen aurretik pasa beharko dira Andacelay, Egues 21 eta Egues 21 II enpresa publikoetan izan diren irregulartasunengatik.

Josetxo Andia Eguesibarko alkate izan zeneko garaian zenbait enpresa publikotan izandako irregulartasunengatik deklaratzera deitu ditu Agoizko epaileak UPNko zinegotziak ere. Aste Santuaren ostean, auziaren baitan, UPNko zinegotzi den Alberto Idoatek, joan beharko du deklaratzera. Nasipako arduradun eta zinegotzi izandako Iñigo Solchaga ere deitu du epaileak. Hirigintzan egindako irregulartasunetan parte hartu ote zuten jakin nahi du epaileak.

Luzea da Eguesibarren hirigintzan izandako irregulartasunekin lotuta, inputatuen zerrenda: Josetxo Andia alkate ohia pasa da dagoeneko Agoizko instrukzioko lehen epaitegitik, Carolina Potau eta Estefania Clavero ere izan dira deklaratzen. Oraingoan Juan Larraza Egues 21 enpresako kontseilari eta Nasipako gerentea; Gregorio Luis eta Miguel Luis Ezquerra anaiak Egues 21 enpresako kontseilari ohi eta Nasipako arduradunak ere pasa beharko dira Agoizko epaitegitik.

55 irregulartasun larri antzeman zituen Eguesibarko Udalean aurrera eraman zen ikerketa batzordeak. Kudeaketan sumatu zituen akatsak Josetxo Andia alkate zelarik. 9 milioi inguruko zuloa eragin ahal izan zuela ondorioztatu zuen ikerketa batzorde hark.

Kontuen Ganberak ere ohartarazi zuen txosten batean irregulartasunak bazirela alor administratiboan, zerga-sisteman, sozietarioan eta kontabilitate arloan. Txostena Agoizko epaitegietara igorri zuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!