Eguraldi hotza eta giro beroa Sarrigurengo Korrika Egunean

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 15a, 20:58

Joan den larunbatean eguraldi hotza izanagatik giro beroa gailendu zen Sarrigurengo Korrika Egunean, Sarri Kultur Elkartearen bideoan ederki igar daitekeenez.

Festa 10:30ean hasi zuten, haurrentzako dorsal tailerrarekin, ikastetxe publikoan. Han bertan egin behar izan zuten 12:00etan korrika xikia, eguraldi zakurra egiten baitzuen kanpoan. Nolanahi ere, giro beroari eutsi zioten 14:30eko herri bazkarian. Korrika egiazkoa datorren ostiralean, hilaren 20arekin, iritsiko da Sarrigurenera, 19:37an, AEKren ordutegi ofizialaren arabera.

Bideoa agerkariko komunitateko kide Eñaut Landak helarazi digu. Zure herri edo auzoan festa egiten baduzue, egizu gauza bera eta zure bideo edo argazkiak Iruñerriko Euskaldunon Agerkarian izanen dira ikusgai. Denon artean, aurrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!