LGTBI+ kolektiboaren kontrako gorroto delituek eta diskriminazio kasuek gora egin dute azkeneko hamarkadan ikastetxeetan. Kontzientziazio gehiago dagoen arren, tresnak eta baliabideak dira faltan sumatzen direnak, baita zeharkako formakuntza ere. Hala iritzi diote Maite Azabalek eta Uxue Diez-Guiralek, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eskutik LGTBI+ gorroto delituak nerabezaroan: pertzeptzioak, ondorioak eta neurriak ikastaroa emanen dutenak Iruñeko Ezpeleta jauregian, ekainaren 25ean hasita. Nafarroako Gobernuak subentzionatutako ikastarorako izen-ematea zabalik dago jada, UEU-ren webgunean.
Ikastaroaren xede nagusia "etorkizuneko irakasleei, jardunean diharduten irakasleei zein hezkuntzako bestelako eragileei nerabezaroan ematen diren LGTBI+ diskriminazio egoeren gaineko informazio eguneratu eta zientzian oinarritutakoa eskaintzea" dela argitu dute irakasleek. "Kurtsoan zehar, parte hartzaileek diskriminazio ezberdinen iturriak, jatorria eta eraginak aztertzeaz gain, egoera hauei aurre egiteko tresna aproposak emango zaizkie. Egun, nerabezaroan ematen diren LGTBI+ diskriminazio egoerek kezka sorrarazten dute hezitzaile zein hezkuntza eragileengan eta gai honetan sakontzeko interes berezia dago. Izan ere, azken hamarkadan igoera nabaria egon da diskriminazio mota hauetan, eta gure eskolen egunerokotasunean honakoa argiki islatzen da. Ezarritako arau sozialetatik era batean ala bestean aldentzen diren nerabeek LGTBI+ diskriminazioa pairatzeko arriskua dute eta hau jasateak osasun mental zein fisikoan ondorio larriak izan ditzake".
Diez-Guiral Hezkuntzan doktorea da eta irakasle laguntzailea Euskal Herriko Unibertsitatean. Identitateak eta orientazioak ikasgela barruan duten eraginaren gaineko ikerketak egin ditu genero eta queer ikuspegiak txertatuz. Azabal Psikologiako doktoratu aurreko ikertzailea da, Psikologia Sozial eta Klinikoan aditua eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea. Espazio publikoan gertatzen diren gorroto-delituak eta diskriminazioa ikertzen ditu, bai eta segurtasun-pertzepzioa eta gai hauek gizarte-kolektibo zaurgarrietan duten eragina ere.