Autobus geralekua erabilgarri nahi du Satrustegik

Maialen Huarte Arano 2025ko mai. 12a, 09:24

Arakil bailarako herria da Satrustegi. Herriaren sarreran du autobus geltokia, baina duela zenbait hilabete ez dago erabilgarri: "Autobusa ez da herriko geratokian gelditzen eta zerbitzu publikorik gabe utzi gaituzte", salatu dute herritarrek manifestazioan. Garraio eta Mugikortasun zuzendaritzaren arabera "arriskutsua" da autobusak hor egitea geldialdia. 

Arakil bailaran autobusa herritik pasa eta geldialdia errespetatzeko eskaera egiteko atera dira Satrustegin kalera. Autobusa herritik pasa dadin, baina ez hori bakarrik, geldialdia errespeta dezan eskatu dute bizailagunek. Herri oso bat geratu da autobus zerbitzurik gabe egun batetik bestera eta ez dute erabaki hori ulertzen. Despopulazioaz hitz egiten den garai hauetan are larriagoa iruditzen zaie jarrera hori: "Isolatutako herri batek ezin izanen dio aurre egin etorkizunari", salatu dute.

Martxa bat egin zuten alboko herriraino, Zuhatzuraino, atzo eguerdian. Zuhatzuko autobus geltokian zeuden hiru bizilagun eguerdiko autobus zerbitzuaren zain eta haiekin egin zuten itxaron aldia. Satrustegik izatez badu geratzeko tokia, badu autobus geltokia, baina ez dira autobusak gelditzen. Arriskutsua omen da hor geratzea eta horregatik geratokirik ez balego bezala segitzen dute aurrera autobusek. Hurrengo geralekura joateko esan diete bizilagunei Mugikortasun eta Garraio zuzendaritzatik, baina, horrek bai, badu arriskua: "Bideak ez baitu oinezkoentzako tokirik eta kilometro bat baino gehiago dago Satrustegitik geralekuraino". Atzoko protestarekin horixe ikusarazi nahi izan zuten.

Arartekora jo zuten herritarrek eta azken hau prest agertu da bitarteko lanak egiteko Mugikortasun eta Garraiobide zerbitzuarekin. Irtenbideak galdegiten ari dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!