Oronozko Lanbide Heziketako eskola berria eraikitzeko akordioa lortu dute

Euskalerria Irratia 2025ko api. 22a, 12:36

Abenduan hasiko dira eskola eraikitzen eta hamahiru heziketa-ziklokoa izango da hasierako eskaintza. Hezkuntza Departamentuak iragarri du lizitazio berriaren aurrekontua 24,7 milioi eurora igoko duela; iazko martxoan ikastetxea eraikitzeko obren lizitaziora ez zen aurkeztu eta orduko aurrekontua 23 milioi eurokoa zen.

Nafarroako Gobernuak iragarri du albiste ona: abenduan hasiko dituzte Oronozko Lanbide Heziketako eskola berria eraikitzeko lanak eta eskola berria, 2028rako prest izango da.

Hezkuntza Departamentuak akordio bat egin du Baztan-Bidasoko udalekin eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin, eta, hitzarmen horren arabera, Oronozko eskolak Lanbide Heziketako hamahiru ziklo eskainiko ditu. Gobernuak uste du martxan izango dela 2028-2029ko ikasturterako.

Oronozko eskola berria egiteko asmoa bide luzekoa izan da eta kolokan izan da hainbat aldiz, bailarako biztanleentzat premiazkoa bihurtu daen arte. Eta egindako protestek fruitua eman dute. 

Akordio hau “garaipen” bat dela nabarmendu dute ikastetxeko kideek. Lehendabiziko urratsak 2012an egin baitzituzten, eta geroztik, oztopoz betetako bidea izan delako.

Iazko martxoan, Nafarroako Gobernuak Oronozko ikastetxea eraikitzeko obren lizitazioa egin zuen, 23 milioi euroan, baina ez zen enpresarik aurkeztu. Hasieran, Hezkuntza Departamentuak asmoa agertu zuen lizitazioa berriz egiteko, baina urrian, atzera egin zuen. 

Azkenik, Oronozko eskola berria, 2028rako prest izango da. Abenduan hasiko dituzte obrak eta aurrekontu handiagoarekin. 23 milioi eurokoa zen iazko martxoan, eta 24,7 milioikoa izango da orain.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!