Euskarari arnas berria emateko ekitaldia eginen du Kontseiluak, abenduan

Euskalerria Irratia 2025ko mar. 28a, 13:39

Euskarak behar duen pizkunde berria herritarren eskutik eta bultzadatik etorriko dela esan du, beste zenbait unetan bezala, historia gertukoenean izan bezala, egoera iraultzeko.

Kezkatuta mintzatu da Euskalgintzaren Kontseilua euskarak larrialdi egoeran segitzen duelako. Gero eta gutxiago dira euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen direnak; hizkuntza ofiziala ez den eremuetan, ikasle gehienek ez dute harremanik euskararekin beren ikasketa ibilbide osoan; eta epaitegiek egunetik egunera higatzen dituzte hizkuntzaren normalizazioaren aldeko politikak, baita euskara ofiziala den tokietan ere.

Erronka handia du eskuartean euskalgintzak: larrialdi linguistikoari erantzuteko, euskararen biziberritzea ezinbestekoa izanen da eta horretarako agenda politikoan eta sozialean lehen lerrora ekarri behar da euskara. Globalizazioaren ikuspuntutik ere hizkuntza gutxiagotuek ez dute bidea erraza: aldaera muturrekoak zaildu egiten du normalizazio bidea, are sozialki bizirautekoa. Hizkuntza praktika berriak sortzen ari dira eta horietan, hizkuntza nagusienen alde jartzen dute balantza. Halaber, testuinguru horretan, gizartearen osaera soziodemografikoa ere asko aldatzen ari da, eta gero eta gehiago dira euskal herritar berriak, beste hizkuntza batzuekin datozenak.

Euskarak behar duen pizkunde berria herritarren eskutik eta bultzadatik etorriko dela esan du, beste zenbait unetan bezala, historia gertukoenean izan bezala egoera iraultzeko. Indarraldirako prozesua bitan banatu dute: bide soziopolitikoa eta gizarteari dagokiona. Lehenengoaren kasuan, akordio soziopolitiko berri bat bideratzeko lanean ari direla esan du Eskisabelek. Bigarrengoari, gizarteari, dei egin diote abenduaren 27an Bilbao Arenan eginen den ekitaldia betetzera: "Euskaltzale guztiei, baina, oro har, justizia sozialaren eta gizarte kohesioan aurrera egin eta dibertsitatea bermatu nahi duten herritar denei, dei egiten diegu abenduaren 27a ongi markatzeko egutegian".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!