Etxebizitza eskuratzeko zailtasunean jarriko dute fokoa REAS Nafarroak eta Koobizitza sareak. Erronka: etxebizitza izateko eskubidea bermatzea izanen dela adierazi du REAS Nafarroako kide June San Millanek: "Pertsona guztientzat etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatzea da gizarte gisa dugun erronka kolektibo handienetako bat eta hori eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsizioarekin lotu behar dela uste dugu".
Merkatu tradizionalaren ordezko eredu izan daitezke etxebizitza kooperatibak. Irtenbide kolektiboak bilatzen ditu, etxebizitza sozialak dira eta irisgarriak. Koobizitza etxebizitza kooperatiben sareko kidea da Edurne Egino: "Jabetzatik urrundu eta espazio komunak ezartzen dituzte kooperatiba ereduek".
Nafarroan badaude aukerak
Nafarroan badaude adibideak: Etxekonak eta Etxekide proiektuak adineko jendearentzat bideratutakoak dira, lursaila badute eta eraikina laster eginen dute, Elkar Zainduz ere prozesuan dago. Belaunaldi ezberdinetako jendea ere elkartu da: Karabaña, Artizarra LGTBIren barruan, eta duela urte batzuk sortutakoak ere badaude, Artiedan dagoen Arterra Bizimoduz, Amarauna Ziordian eta Zabalzan duela gutxi irekitakoa.
Eredu aukerez, jardunaldiak
Apirilaren 3tik 12ra eginen dituzte jardunaldiak. Pobreziaren Aurkako Sareak, Harituk eta Paris 365ek hartuko dute parte lehen mahai inguruan: etxebizitzaren larrialdiaz hitz eginen dute. Beste batean, Nasuvinsako gerenteak eta Begoña Alfaro Foru Gobernuko presidenteordeak hartuko dute parte, Nafarroako etxebizitza-politika publikoez mintzatzeko. Hirugarren solasaldia, apirilaren 9an eginen dute eta etxebizitza kooperatibez mintzatuko dira zenbait kolektibotako kideak. Mahi-inguru horiek Katakraken izanen dira arratsaldeko sei terdietan. Jardunaldiak, tailer batekin amaituko dituzte kooperatiben esperientziak azaldu eta parte hartzeko gonbidapenarekin. Apirilaren 12an izanen da hori, 10:30etatik aurrera Iruñeko Plazara zentro komunitarioan.