Kontuen Ganbera Nasuvinsaren jokamoldearekin kritiko, Lekarozko zine-instalazioengatik

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 18a, 10:59

Kontuen Ganberak Nasuvinsa sozietate publikoaren eta Estudios Melitón enpresa pribatuaren arteko kontratuari buruzko txostena argitaratu du. Kontratuaren helburua zen Lekarotzen pelikulak egiteko instalazio bat eraiki eta kudeatzea. Enpresak sekula ez zuen errentarik ordaindu. Nasuvinsak instalazioa berreskuratu zuen, eta orain beste enpresa batek dauka errentan hartua. 

Txostena Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen 2023ko martxoan, Navarra Suma taldeak proposatuta. Kontuen Ganberak lana atzeratzea erabaki zuen, auzia epaitegian zegoelako. Izan ere, Nasuvinsak Estudios Melitonen aurkako salaketa bat aurkeztua zuen, kontratua ez betetzea leporatuta.

Proiektua 2016an sortu zen, Garapen Ekonomikoko Departamentuak bultzatua. Helburua zen pelikulak egiteko instalazioa eraiki eta Estudios Melitón enpresari errentan uztea. Azkenean, Nasuvinsa sozietate publikoak hartu zuen gidaritza. Milioi bat euroko inbertsioa egin zuen instalazioetan. Proiektua eta obra-zuzendaritza, berriz, enpresa pribatuaren esku utzi zituen. Kontratua 2018ko maiatzean sinatu zen, enpresa pribatua sortu eta hiru hilabete geroago.

Kontratuaren arabera, enpresak hileko 2.700 euroko errenta ordaindu behar zuen. Ordaindu gabeko epe bat finkatu eta pandemiaren ondorioz luzatu egin zen.

Kontratuaren ondorioz, CPEN-ek (Nafarroako Enpresa-Korporazio Publikoa) diru-ekarpena egin zion Nasuvinsari instalazioen eraikuntza finantzatzeko. Eta Sodena sozietate publikoak ere 60.000 euroko mailegu bat eman zion enpresa pribatuari haren jarduera finantzatzeko.

Estudios Melitón-ek sekula ez zuen errentarik ordaindu, eta 2022ko abuztuan kontratua bertan behera gelditu zen. Handik hilabetera, Nasuvinsak instalazioa berreskuratu zuen. Hurrengo urtean, zinema-arloko beste enpresa bati eman zion errentan.

Kontratua sinatu zen garaian, Nafarroak eta Kanariar Uharteek zerga-baldintzarik hoberenak zituzten zinema-proiektuei laguntzeko. Pandemiaren ondoren, gainerako komunitateetan laguntzak hobetzen hasi ziren. Nafarroan, ordea, lehenengoari eutsi zitzaion. Zerga-abantailak galdu izanak eta pandemiak berak honetan guztian eragin dutela ematen du.

Nasuvinsak Melitón enpresa epaitegietara eraman zuen, errentarik ez ziolako ordaindu. Ordurako, ordea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratua zegoen. Horren ondorioz, Nasuvinsak ezin izan zuen kobratu epaiak finkaturiko ordaina.

Txostena kritikoa da Nasuvinsaren jokamoldearekin. Izan ere, kontratua egin aurretik ez zuen azterketarik egin, ez negozioaz eta ezta enpresa pribatuaren ahalmenaz ere. Sozietate Publikoko zerbitzu juridikoen esanei ere ez zien jaramonik egin.

Hau dena ikusita, Kontuen Ganberak gomendio batzuk azpimarratzen ditu. Nagusia honako hau: holako kontratuak sinatu aurretik negozio-azterketak, hautagaien ahalmen eta proiektuen bideragarritasuna eta kontrol sistema egokiak behar direla. Errenta-kontratuetan diru publikoa babesteko bermea ere behar dela aipatzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!