Martxoaren 13an grebara deitu du Ikasle Abertzaleak taldeak

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 7a, 13:21

“Gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileen interesen alde” antolatu dute mobilizazioa

Agerraldi publikoa egin du Ikasle Abertzaleak taldeak Iruñean martxoaren 13rako greba deialdia iragartzeko, gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileon interesen alde. Gazte erakundeak azaldu duenez, “bi arazo handik zeharkatzen dute hezkuntza sistema kapitalista: batetik, gizarte osoan zehar hedatzen ari diren ideia erreakzionarioak hezkuntzara ere iritsi dira. Bestetik, ikasle langileon egoera urtez urte okerrera doa”. Arrazoi hauengatik guztiz beharrezkotzat jo dute mobilizazioa eta grebaren hautua egin dute.

“Ideia zein jarrera erreakzionarioak, matxistak nahiz arrazistak nagusiki, normalizatzen ari dira kalean, sare sozialetan edota erakundeetan, eta hezkuntza ez dago joera sozial horretatik salbu. Sare sozialetako pertsonaiek naiz eskuin muturreko alderdi politikoek bultzatuta, azken hilabeteetan argi ikusi dugu matxismoaren eta arrazakeriaren presentzia nabarmen igo dela, baita hezkuntzan ere”, adierazi du Ikasle Abertzaleak-ek.

Honen adierazle izan daitezkeen adibideak ere jarri dituzte, aipatuz indarkeria matxista kasuak egon direla Eunaten, Irubide edota Zizurreko ikastetxeetan. Leioako unibertsitateko campusetik bota zuren irakaslearen eredua jarri dute, “mezu faxistak zabaldu zituen eta mobilizazioari esker kanporatua izan zen”. “Ezin dugu ideia hauek guztiak normalizatzen utzi eta ikasleok gorakada erreakzionarioaren aurkako agente aktiboa izan behar gara, hezkuntzan matxismoak edota arrazakeriak ez baitauka tokirik”.

Hezkuntzan egoera gero eta larriagoa dela salatu dute, “Inbertsio publiko faltan, ratioekin, azpiegiturekin edota bestelako zerbitzuekin gero eta arazo gehiago ditugu, eta egoera horretatik kaltetuenak ikasle txiroenak dira beti, familia dirudunetako ikasleek baldintza hobeetan ikasten duten bitartean. Klasismoak dakarren segregazioa arazo larria bilakatzen ari da herri nahiz hiri askotan”.

Halaber, salatu dute ikasleen kontrolean oinarritzen diren neurriak gero eta pisu handiagoa dutela derrigorrezko bigarren hezkuntzan eta batxilergoan, presioa eta karga areagotuz.

“Unibertsitatean ere klasismoa eguneroko ogia dugu: enpresen eta unibertsitatearen arteko harremana estutzen ari den bitartean ikasle langileok gero eta baldintza kaxkarragoak baititugu. Norabide arriskutsua hartu du unibertsitateak, izan ere, enpresek etekin ekonomikoak ateratzen dituzte harreman horretatik, eta esku hartze gero eta handiagoa dute unibertsitateko agendan”, adierazi du Ikasle Abertzaleak taldeak.

Gazte erakundearen ustetan, “langileon kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, hezkuntza sistema ez da inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresari eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile nahiz autoritarioagoa baizik”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!