Sindikatuak sare sozialetan partekatu duen bideoan, etxegabetze prozedura jasaten ari den emakumeak azaltzen du “etxegabetze-data berri baten esperoan” daudela, momentuz familiak “kalitatezko alternatibarik” ez duen arren. “Osteguneko etxe-kaleratzea bertan behera gelditu zedila lortu genuen, baina prozedura judizialak aurrera jarraitzen du eta data berri bat edozein unetan irits liteke”, adierazi du etxebizitza eskubidearen aldeko kolektiboak.
Instituzioei exijentzia
Egoera honen aurrean, Burlatako Udalari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete familia honentzako “kalitatezko etxebizitza alternatiba bat bermatu” dezatela. Sindikatuaren iritziz, orain “denbora baliotsua” irabazi da egoera honi konponbidea emateko, eta hortaz, instituzioen gain jarri dute “lehenbailehen” neurriak hartzeko ardura, “etxegabetze-egunera heltzea” ez dadin errepikatu. “Ez badago etxebizitza alternatibarik, ez dago baldintzarik etxegabetzea emateko”, ohartarazi dute.
Zentzu horretan, Burlatako Udalak etxegabetze saiakeraren ostean emandako azalpenen inguruko argipenak egin dituzte sindikatuko kideek. Prentsari egindako adierazpenetan, Udalak azaldu zuen “aldi baterako emergentzia-dispositiboa” prest zuela familia kalean ez gelditzeko. “Dispositibo hori, dagoeneko esan genuen moduan, hotel batean egun batzuk pasatzea besterik ez zen”, diote sindikatutik. Era berean, oroitarazi dute “behin baino gehiagotan” salatu dituztela hotelen eta antzeko alternatiben “miseriazko baldintzak eta ezegonkortasuna”. Udalak prentsari azaldutako beste kontu bat “uneoro konponbideak bilatu izana” eta “etxegabetze egunean istilurik ez egotea bermatu izana” dira. Adierazpen horien aurrean, etxebizitza sindikatuak azaldu du etxegabetzea gelditu bazen, “familiak eta sindikatuak batera egindako lanari esker” eta “bertaratutako jendeari esker” izan zela: “argi dugu hor izan ez bagina etxegabetzea exekutatuko zela”. Hori dela eta, Udalari galdegin diote “ez ditzatela eskuak garbitu”, eta “benetan konponbidea bilatu” nahi badute, orain aukera dutela “Nafarroako Gobernuarekin batera azkar mugitu eta familia honi benetako etxebizitza alternatiba bat” ziurtatzeko, “aitzakiarik gabe” eta “aldi baterako irtenbide faltsuak” albo batera utziz.
Antolakuntzaren eta borrokaren bidea
Kolektibo honen hitzetan, “hiru adin txikiko, indarkeria matxista eta zaurgarritasun ekonomiko egoera frogatua” tartean egon arren, “etxegabetzeen moratoria” ez da aplikatzen, “ez kasu honetan ez beste hainbatetan”. “Baina ostegunean erakutsi genuen bezala, bide judizialak eta instituzionalak agortzen direnean antolakuntzaren eta borrokaren bideak fruituak eman ditzake”, nabarmendu dute. Hortaz, “etxegabetze arriskuak jarraitzen duen bitartean”, eta “kalitatezko etxebizitza alternatiba” lortu arte, bide horretan jarraituko dutela adierazi dute.