Mendekotasunaren sektorean grebara deitu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek

Unai Lako Goñi 2025ko ots. 5a, 19:47

Argazkia: ELA sindikatua

Lan hitzarmenaren blokeoa salatu dute eta Nafarroako Gobernuari ardura eskatu diote

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk hiru greba egun deitu dituzte otsailaren 27an, 28an eta martxoaren 1ean mendekotasunaren sektorean, desgaitasuna duten pertsonak artatzeko zentroen hitzarmenaren negoziazioan dagoen "blokeoa" salatzeko.

Ohar batean, lau sindikatuek nabarmendu dute "negoziazioarekin jarraitzeko borondatea" dutela, "baina horretarako bi aldeen borondatea ere behar da, eta, zoritxarrez, negoziazioa planteatzen diguten baldintzetan ez dago aurrera egiteko aukerarik".

"Inork ez du ulertzen egin diguten proposamena, zeinean langileek erosahalmena galtzen duten; izan ere, %2ko igoerarekin eta beste ezer eskaini gabe, planteatutakoa ukatu baino ezin dugu egin. Eta hori da azkeneko urtean negoziazioan dugun jarrera", kritikatu dute.


Hala, nabarmendu dutenez, "negoziaziora itzultzeko gutxienekoak" honako hauek dira: KPI + %2ko soldata-igoera, 2024tik aurrerako atzeraeraginarekin", hitzarmenaren urte bakoitzeko lanaldi baten murrizketa, txanda-osagarria eta "hobekuntza sozialak eta lan-osasunekoen arlokoak".

Lau erakundeek nabarmendu dutenez, "dirua Administraziotik bakarrik ateratzen da, entitateek ez dute euro bakar bat ere jartzen beren onuretatik sektoreko langileen soldata-baldintzak hobetzeko". Nafarroako Gobernua, azpimarratu dutenez, "desgaitasun sektorearen arduradun zuzena da, nahiz eta zaintza enpresa pribatuei esleitzea erabaki. Irabazia duten erakundeekin kontratuak sinatzen ditu, eta langileek lantokietan jarraitzen dugu onena ematen ".

Sektoreko langileak gaizki tratatuak sentitzen direla nabarmendu dute "enpresa pribatuen alde egin du Gobernuak, negoziazio mahaian patronalaren jarrera hartuz, negoziazio kolektiboa mugatuz, esleitzen dituzten kontratuek onurak ematen dituzten bitartean".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!