Estatuko eta Nafarroako gobernuko ordezkariak lehenengoz bildu dira gaur BSH enpresako arduradunekin Industria Ministerioaren egoitzan, Madrilen. Bertan, Alemaniako zuzendaritzak konpromisoa hartu du: Eskirozko lantegia berrindustrializatzen saiatuko da.
“Etxetresna elektrikoen fabrika berrindustrializatzeko alternatibak bilatzeko elkarrekin lan egiteko erabateko prestutasuna" agertu du konpainiak, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko sailburuak bilera amaitutakoan adierazi duenez. Hiru aldeek "bide guztiak aztertuko dituzte". Xehetasun gehiago ez ditu eman Nafarroako Industria kontseilariak, izan eren “diskrezioa izan behar da nagusi hasi berri den elkarrizketa prozesu honetan".
Abenduaren 16an BSHko zuzendaritzak Eskirozko lantegia ekainean ixteko asmoa iragarri zion batzordeari, 655 pertsona kalean geratzeko arriskua dagoelarik. Itxieraren mehatxua buru gainean zuen lantokiak 2023tik, baina sorpresaz harrapatu zituen langileak. 2015etik erdira jaitsi da ekoizpena, BSHk Turkian eta Polonian dituen lantegietara bideratu baitu bere produkzioaren zatirik handiena. Eskirozko lantokiari, estatu mailarako ekoizpenarekin geratu zen baina azken hilabeteotan, estatu mailan ere beste lantokietako produktua saltzen ari zen BSH.
Alemaniako zuzendaritzak ohar bidez iragarri zuen itxiera asmoa, “Eskirozko lantokiak lehiakortasunik ez duela” argudiatuta. Langile batzordeak berriz, errefusatu zuten argudio hori, lan-karga nahikoa duelako lantegiak.