2023an 45 urtetik 69 urtera arteko emakumeen %83ak egin zuen proba. Erreferente bat da. Ezinbestekoa da ahalik eta azkarren atzematea minbizia, horrek aukera ematen duelako bizi kalitate hobea izaten segitzea horren erasokorrak ez diren tratamenduen bitartez.
Hamazazpigarren kanpaina da aurtengoa. 30.000 bisita izanen ditu unitate mugikorrak 2026ko martxora arte. 45 urtetik 69 urtera arteko emakumeei egiten diete deia. Unitate berrituak hobetu egin du emakumeen sarbidea eta erosoagoa izanen da. Espazioak hobetu dituzte, ongizatea lehenetsi dute proba egitera doazen emakumeentzat eta baita langileentzat ere. Hiru sarrera ditu: emakumeentzat, langileentzat eta mugikortasun arazoak dituzten emakumeentzat. Beroari aurre egiteko baliabideak ditu orain unitate mugikorrak, espazio gehiago du eta aparatu berritzailea du, duela urte bat martxan jarritakoa.
35 urteotan 537.000 emakume izan dira unitate mugikorrean, 2.144 tumore atzeman dituzte, fase hasiberrian. Unitate mugikorretik pasa dira emakume guztien %40. Nafarroak bularreko minbizia detektatzeko bi unitate ditu: mugikorra, gaur berritua aurkeztu dutena, eta Leire karrikan etengabe dagoena hiru mamograforekin.