ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ekimen bateratua aurkeztu dute, Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata erdiesteko bidean. Batetik, SMI, gutxieneko soldata propioa finkatuko duen lanbide arteko akordioa eta helburu hori gauzatu ahal izateko Herri Ekinaldi Legegileak, Hego Euskal Herriko erakundeek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena izatea helburu dituenak. Sindikatuek ohar bitartez adierazi dute “bi bideak osagarriak direla ulertuta, bateratzearen alde egiten dugu”.
Gaur bertan Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean ekimen bana erregistratu dituzte, erakunde hauek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten. “Gutxieneko soldata ezartzeak langileentzat babes-dimentsioa du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen baita”, adierazi dute sindikatuek oharrean. “Aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa ere bada, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten duena eta legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldatatan gorako negoziazioa bultzatzen duena”.
Aipatutako sindikatuen aburuz, “zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da”.
Era berean, burujabetzaren aldeko aurrerapausotzat jo dute aurkeztutako ekimena, “lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez”.