Hain zuzen gaitz mentalen bat duten pertsonen gizarteratze eta lan arloan sartzeko laguntzan lan egiten du Elkarkidek. Atzo Parlamentuan azaldu zuten haien lana, salatuta oraindik gaixotasun mentalek duten estigma gure gizartean. Horrek lanpostu bat bilatzerakoan traba handiegia suposatzen duenez, asko dira, desgaitasun aitortza eskatzen ez duten herritarrak. Marcos Resano, Elkarkideko zuzendaria da: “Gaitz mentalen bat duten pertsonen kolektiboak ezkutatzera jotzen dute, nahiago dute aitortza ofizialik ez jasotzea horrek lanerako suposatuko dien traba kontutan hartuta”.
Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, munduko osasun mentaleko arazoak "Desgaitasunaren kausa nagusia" izango dira datozen urteotan. "Uste denez, 2030erako, bizitzan zehar buruko nahasmendu bat izango du lau pertsonatik batek. % 1 eta % 3 artean gaixotasun mental larria izan dezakete. Minbiziaren eta arazo kardiobaskularren gainetik egonen da” azaldu du Elkarkide elkarteak.